garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Egunkariak

2016ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Prentsa paperari zer-nolako balioa eman izan zaion pentsatzen ari nintzen, zenbat funtzio bete izan dituen, agerikoenetik hasita. The Independent egunkari britainiarrak eman dit aitzakia, kioskoak atzean utzi eta edizio digitala besterik ez argitaratzeko erabakia hartu izanak.

Lurra garbitu berritan, pasabideak egiteko erabili izan dugu, orri solte banaka batzuk bota, eta oin urratsak haietara egokituz, batetik bestera pasatzeko. Demagun, komunera, larrialdiak emanda. Hango bakar lanak egin bitarteko distrakzioa aitortu zion periodikoari, hain zuzen, Xabier Lete poetak, gizon arruntaz ari zela —bi zeregin aski bateragaitz, dena esate aldera—; eta detektibeen kamuflaje tresna izatea, garai bateko zinemak.

Lau toles eginda, itsasontziak egiten genituen, edo eguzkitarako kapeluak, eta mozorroak. Horiek denak umetan, Papiroflexiaren berri ez geneukan garaian. Ikastolan, eskulanetarako zen aproposa, zati txikiak egin eta kola-uretan biguntzen utzi ondoren, figurak fabrikatzeko. Euli gogaikarriak akabatzeko ere baliatu genuen, horretarako txurroan bilduta, eta halakoxe moduan ere zenbaitzuek, zezenaren aurrean jartzeko, sanferminetan...

Ez nau garai berrietara egokitu beharrak izutzen, gauzak zernahitarako aprobetxatzeko asmamena galtzeak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.