Miren Amuriza.
BIRA

Biluziago

2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Guk gainontzekoek ikusten gaituzten baino biluziago hautematen dugu elkar. Atzamar puntetan, ezpain artean darabilgunak identifikatzen gaitu gu. Menpekotasun bat ei da gurea, estresatuta edo antsietateak jota gaudelako erortzen ei gara. Urduriak, perfekzionista samarrak garela ere esaten dute gugatik, umezaroko traumaren batek eragiten ote digun ezinegona. Auskalo. Guk badakigu, jakin, geure buruari mesede handirik egiten ez dioguna. Ordea, nahita ere, ezin plazeraren eta minaren arteko aldian behingo errituari laga, ahoratu ahala hondakintxoak hautsontzian edo klinex batean pilatzeari, lurrean hedatzeari, kotxeko leihotik behera botatzeari. Saiatzen gara uzten, ez pentsa: txiklea mastekatuz, infusioak hartuz, esku-ahurrean gomazko pilotatxoa zanpatuz zein farmaziako produktuekin. Lagun baten lagunari funtzionatu zion teknika txepel harekin ere bai, eskua ahotik zentimetro batera gelditzean zetzanarekin. Lantzean batek lortu ere egiten du uztea. Gehienok, baina, ostera ere erori lehenago edo geroago. Ingurukoentzat desatsegina ei da gurea. Nork daki, egunen batean debekatu egingo dute agian; ezingo dugu, adibidez, jatetxeetan egin eta «irtengo al gara kanpora atzazalak jatera?» esanez altxatuko gara mahaitik. Eta hantxe egingo dugu topo, nork geure egonezinean, eta hautemango dugu elkar gainontzekoek ikusten gaituzten baino biluziago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.