garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Eboluzioa

2016ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Transhumanisten apologia merkeak hotzikara eragiten didala aitortuko badut ere, azken boladako balentriak sarritan jabetzen dira nire arretaz. Aurreko batean, orain gogoan ez dudan albistegi elektroniko bat dela medio, Neil Harbissonen kasua ekarri ziguten lehen planora. Lehen ziborg ofiziala omen da tipoa, legezko agirietan hala onartutakoa alegia, burmuinean ezarria duen txipari konektaturiko sentsorea —begi moduko gauza berezi bat— kopetatik behera zintzilik duela ageri baita pasaporteko argazkian. Ofizioz musikari eta artista, bere sortzetiko gaitzak galarazten diona bestela lortzeko erabiltzen omen du asmazioa: bere ikusmenak ezinbestean zuri-beltz irudikatzen duen mundua ñabardura biziz tindatzeko; edo definizio zehatzagoa nahi bada, argi frekuentziak bibrazio bihurtzeko, eta hartara, koloreak entzuteko. Eta entzundakoa kolore bihurtzeko.

Bat-batean argia piztu zait niri ere, sinfonian etorri zait, Beethovenen bosgarrena baino burrunbatsuago kasik, eta apetak eman dit, nire ezintasunetara egokitutako sentsore harbissondarra lortzeko kapritxoak. Usainak ukitzeko baliatuko nuke —alergiek sudurra aspaldi bahitu zidatenez—. Politikaren logika usaintzeko. Ezker abertzalearen beltzetik zurirakoa harrapatzeko. Edo zuritik beltzerakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.