Suizidioa gogoeta gai hartzen duenak, eta hurbiletik ezagutu duenak areago, galdera obsesibo asko izaten ditu buruan mailuka, baina nagusiki bat eta bera: zergatik. Zerk eraman dezakeen norbanakoa bere buruaz beste egitera, atzerabide gabeko neurririk behin betikoena hartzera; ba ote dagoen larriagorik seguru dugun balio bakarra, bizitza, finitzea baino. Sufrimendu iturrien zerrenda etorriko da galderekin batera, suizidatuaren erraiak zula zitzaketen minak, banan-banan (depresioa, kale gorrian gelditu izana, umiliazioa…).
Gaiari kateatuta urte luzeak daramatzan batek, Fabrice Jollant doktoreak, erabaki eraginkorrak hartzeko zailtasuna ikusi du, ordea, kasu gehienen atzean; zorigaitz makurrenaren gainetik, delibero arriskutsuenetarako joera eta hautazko irtenbideak identifikatzeko ezintasuna. Suizidioaren eragilea sufrimendua balitz, lurralde txiroenetan aurkitu beharko genituzkeelako tasarik gorenak eta ez apalenak, berorietan gosetea, izurriteak, esklabotza, indarkeria edota gerra puri-purian izaki.
Jollantek dioena zuzena baldin bada, iraupenaren filosofia izan liteke prebentziorako gakoa, txikitandik pentsamenduaren logika erakustea eta praktikatzea. Eta heziketa nondik nora enfokatzen den ikusita, ez dirudi bide onetik goazenik.

BIRA
Erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu