Miren Amuriza.
BIRA

Bat gutxiago

2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Aitona-bilobak zahar egoitzako lorategian: erresidentziako kafea etxekoaren aldean eskasa delakoa, igandean Olaizolak txapela jantziko duelakoa eta asteartean Anton (bere gela-kidea) hil zelakoa bota ditu gizonak, erreskadan. Sentitzen duela bilobak, ea laguna agurtzeko aukerarik izan ote duten. Ezetz aitonak, «hemen ez da ezer egiten inor hiltzen denean ere». Eta erritotxoren bat beharrezkoa ez ote litzatekeen pentsatu bilobak, joan denagatik bainoago, gelditzen direnen onerako.

Aitonarekin amaitu eta kanporantz doala, zaintzaileetako bat topatu du atean, beti-betiko ezaguna: barkatzeko atrebentzia, bisitariak, baina harritu egin duela Anton hil ondoren ezer ere egin ez izanak. Zaintzaileak goitik behera begiratu (ezagun-da-egundo-fardel-bat-aldatu-ez-duzuna esanez bezala) eta «zer nahi duzu egin dezagun, ba?» bota dio. Sorbaldak altxatu bisitariak. «Hemen ia astero hiltzen da norbait eta, lehen daukagun lan-kargaz gain, heriotza bakoitzeko zeremonia bat prestatu behar bagenu... Imajinatu!».

Bost urteko umeak imajinatu ditu bisitariak, egun batetik bestera ikaskide bat gutxiago daukatela eta inork ez diela gaia ateratzen; behargin batzuk falta den kidearen takila hutsari ez ikusiarena egiten edo familia bat mahaiko aulkiari... Berak hitz egiteko premia edukiko lukeela imajinatu du, ordea, ez da zaintzaileari erantzuten ausartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.