Albistea entzun

Ibili herrenarekin abiatu da Libian batasun nazionaleko gobernu baterako akordioa

Gerran diren bi aldeetako eta gizarte zibileko ordezkariek sinatu dute ituna.

Tripoli eta Tobrukeko parlamentuen buruak kontra agertu dira
Tobrukeko eta Tripoliko legebiltzarretako ordezkariak, Skhirat hirian.
Tobrukeko eta Tripoliko legebiltzarretako ordezkariak, Skhirat hirian. EFE

Xabin Makazaga -

2015eko abenduak 18

«Libia, Libia, Libia» oihu artean, batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko akordioaren sinadura bozkarioz hartu dute etsaituta eta gerran dauden bi aldeetako ordezkariek. Tobruken eta Tripolin ezarritako bi agintaritza politikoetako eta Libiako gizarte zibileko ehun ordezkarik baino gehiagok egin dute bat NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatutako itunarekin, Marokoko Skhirat hirian. Herrenetik gehiago du, ordea, lau urteko anabasa amaitzeko «lehen urratsa» izatea nahi duten akordioak. Bi parlamentuetako buruek —Aqila Salah Tobrukekoak eta Nuri Abu Sahmein Tripolikoak—, izan ere, uko egin diote ituna sinatzeari. Eta, bi aldeetan, esanguratsuak dira akordioaren kontra agertu diren taldeak.

Muammar Gaddafiren kontrako herri altxamendua baliatuta Libiako buruzagia agintetik botatzeko nazioartearen operazio militarra amaitu eta lau urte pasera, eta urtebete paseko elkarrizketen ondotik, Afrika iparraldeko herrialde hori egonkortzeko saialdia da atzo sinatutako akordioa. Bi gobernu eta bi parlamentu daude gerra betean, bata Tobruken eta bestea Tripolin, eta 1.700 bat milizia armatu. Anabasa horri esker, Estatu Islamikoak gero eta indar handiagoa hartu du Libian.

Libiako bi ganberetako legebiltzarkideez gain, Martin Kobler NBEren Libiarako ordezkariak eta Tunisia, Maroko, Turkia, Qatar, Espainia eta Italiako Atzerri ministroek hartu zuten parte akordioa sinatzeko ekitaldian, eta historikotzat jo zuten unea. Bi aldeek «amore eman eta konpromisoak hartu» beharko dituztela nabarmendu zuten nazioarteko ordezkariek. Prozesuak aurrera eginez gero, NBEren Segurtasun Kontseiluan ebazpen proposamen bat egingo dute, batasun nazionaleko gobernua Libiako «ordezkari legitimo bakar gisa» hartua izan dadin nazioartean.

Tobrukeko legebiltzarreko 188 ordezkarietatik 80 inguruk eta Tripoliko 136etatik 50 inguruk sinatu dute akordioa, AFP berri agentziaren arabera. Fayed Serraj izango litzateke batasun nazionaleko gobernurako kontsentsuzko lehen ministro, eta sei lehen ministrordek eta hiru ministrok osatutako presidentetza batzorde bat izango luke; tartean egongo litzateke Saleh al-Makhzun polemikoa. Batzorde horren zeregina izango litzateke konstituzio berri bat idaztea, gero libiarrek erreferendumean bozkatzeko.

Parlamentua Tobrukeko gaur egungo legebiltzarkideek osatuko lukete, eta Estatu Kontseilu bat ere sortuko lukete, aholkularia, Tripoliko Kongresu Nagusi Nazionaleko 150 bat kidek osatua.

Airean dago batasun nazionaleko gobernua non ezarri, akordioak bi aldeetan baititu kontrarioak, eta gobernu berria babesteko segurtasun planik ez baitago oraindik. Gaur egungo bi parlamentuetako buruek herenegun azaldu zuten ez zutela beren ganberen baimenik akordioa izenpetzeko, eta, sinatzekotan, nork bere izenean sinatuko zutela. Azkenean, hori ere ez dute egin, ordea.

Akordioaren kontra bi argudio haizatu dituzte, nagusiki: bata, kanpotik ezarritakoa dela eta Libian bertan egositako itun bat hobesten dutela; eta bestea, ez daudela ados gobernurako proposatu diren izenekin.

Hafter jenerala eta Errusia

Skhirateko sinadura ekitaldiaren bezperan, NBEren Libiarako ordezkaria Khalifa Hafter jeneralarekin bildu zen Bengazin. Gaddafiri leial izatetik buruzagiarekin etsaitu, eta azkenerako Tobrukeko indarren milizia nagusiaren buru bihurtu da Hafter. Martin Kobler ondoan zuela, Estatu Islamikoaren eta beste talde islamisten kontrako borrokaren aitzakian, nazioarteak Libiari ezarritako arma bahimendua kentzeko eskatu zuen, «lan egoki bat egin ahal izateko». Aro berrian indar armatu guztien gaineko kontrola ere beretzat eskatu zuen Hafter jeneralak.

Arma bahimendua amaitu ezean, «Errusiari Libian terrorismoaren kontra esku hartzeko» eskatuko diotela ohartarazi zuen Hafterrek, eta ahoa bete hortz utzi zuen Kobler: «Errusiarrak oso lan ona ari dira egiten terrorismoaren kontra, eta serioak dira». NBEren Libiarako ordezkariak erantzun zuen «gobernu bakar bat» osatzean aztertu beharko dela gai hori, eta hark eskatu beharko diola arma bahimendua kentzeko NBEren Segurtasun Kontseiluari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

NATOko kideek gerra hegazkinak eta ontziak bidali dituzte Europa ekialdera

NATOko kideek gerra hegazkinak eta ontziak bidali dituzte Europa ekialdera

Arantza Elizegi Egilegor

Ukrainako enbaxadak husten hasi dira AEBak eta Erresuma Batua. Brusela prest dago Errusiari zigor ekonomikoak ezartzeko, gerra piztuz gero

Burkina Fasoko presidente Roch Kabore, hitzaldi bat ematen, Unescoren 75. urteurrenean, Parisen. ©JULIEN DE ROSA / EFE

Burkina Fasoko militarrek diote boterea hartu eta junta bat osatu dutela

Mikel O. Iribar

Kabore presidentea kargugabetu eta parlamentua desegin dutela esan dute matxinoek. Segurtasun arrazoiak aipatu dituzte kolpea emateko

Kurduak beren etxeetatik ihes egiten, Al-Hasakahn, ostiralean. ©A.MARDNLI / EFE

Etxeratze agindua ezarri dute Rojavako probintzia batean

Berria

Agintari kurduen ustez, Turkiako Gobernua dago Estatu Islamikoak azken egunetan egindako erasoen atzean

Joseph Ratzinger, 2020ko ekainean, Almemanian eginiko bisita batean. ©PHILIPP GUELLAND / EFE

Benedikto aita santu emerituak aitortu du okerreko informazioa eman ziela ikertzaileei

Edu lartzanguren

Municheko apezpiku zela sexu abusuen inguruko kasu bati buruzko bilera batean ez zuela parte hartu esan zuen Joseph Ratzingerrek, baina frogatu egin dute han egon zela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.