Heriotza gozoa. Halaxe deitzen omen zaio karbono dioxidoa arnasteak dakarren akaberari, lozorro sakonean eta ustez oinazerik sentitu gabe hartzen delako azken hatsa, hamar minutu eskasean. Noizbait amaiera behar, eta halaxe finitu nahi izan zuen Baionako larrialdietako mediku ohi Nicolas Bonnemaisonek, lau urte luzeko kalbarioa, prozesu judizial antologikoenetan bezala, jukutria itsusiak, funts handirik gabeko leporatzeak, susmoak, mendeku gosea eta zigorra kateatu zituena: autoaren ihes-tutuari hodi mutur bat itsatsi, beste muturra auto barrenera eraman, eta han, gas hilgarria aireaz jabetu ahala, bere buruaz beste eginez. Ez zuen lortu.
Borborka helduko dira berriz, haren tenple eta osotasuna kolokan jar dezaketen esamesak, edo haren ezin bizia eta zintzotasun profesionala lotu nahiko dituzten bertsio nahasiak, ez ordea, prozesua bera martxan jarri izanaren zentzugabekeria eta eragin duen okerra ametituko duen aitortzarik.
Jendarte hipokrita honen biktima da Bonnemaison. Heriotzaz dugun ikuspegi infantila, eutanasiaren gaineko eztabaidan nagusitzen den koldarkeria eta norberaren miserien errua beti kanpoan bilatu beharra, horiek denak ordaindu ditu Bonnemaisonek, zigor gisa eskatu zaizkion 30.000 euroez gain. Larrutik ordaindu ere.

BIRA
Zigorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu