garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Bestearena

2016ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Sarritan entzuten ditut gurasoak informazio trukean. Beren haur prestuak egin, esan, eskatu edo erantzun duenagatik harrituta ageri dira ia beti, zenbaitetan harro, horren urte gutxi bizkarrean eta halako perla bota izana asmamen apartaren seinale dela nabarmendu nahian, baina gehientsuenetan kezkatuta, hain zuzen ere umeak beren aurrean esan, eskatu, erantzun edo egin dien horrek—izan iraina, zartakoa, erdarakada edo jokaera zatarra—, etxean ustez ondo finkatutako habeak kili-kolo jarri dizkielako. «Nondik ekarri du moda, ordea», otuko zaio ama/aita arduratsuari, «non ikusi ote du, nork irakatsi ote dio, zeren kopia ote da». Beharbada ezin izango dio grina txarrari eutsi eta jolas-parkean ezagutu berri duen laguntxoari egotzi nahiko dio makurkeriaren errua, lotsagabe arraildu horri, edo jasangaitza zaion senide hurbilekoari—normalki bikotekidearen aldeko izebari, aitonari, amonari—, edo eskola zaharregikoa iruditzen zaion irakasle/haurtzain gozogabe horri. Inoiz ez norberaren uste ustelari, nekeari, ezjakintasunari, ezinari... Hain baikara zintzoak, apainak, hezitzaile onak, geure ispiluaren aurrean. Hain baitu zigortua gizarte honek akatsa, ezen automatikoki eta ezinbestean, umiliazioa bailitzan, besterena behar izaten duela beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.