Miren Amuriza.
BIRA

Umore handi bat

2017ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Bazen behin tribu beduino bat. Artean ez zeukaten ispilurik eta lantzean ur putzu ilun batean baino ez zuten ikusten beren burua. Behinola, basamortua zeharkatzen ari zirela, urruneko merkatari batekin egin zuten topo eta buruzagiak ispilu handi bat erosi zion. Markoa hondarretan finkatu eta harexen bueltan muntatu zuten kanpalekua. «Orain, ispiluaren aurretik banan-banan pasatu eta barre egingo diozue zeuen buruari» agindu zien buruzagiak; «zuk zure sudur okerrari, zuk zure turbante lohiari, zuk zure ibilera herrenari...».

Eta halaxe jarraitu zuten, nagusiak burla egiten ziela ohartzeke, harik eta arratsalde batean Amalen txanda iritsi zen arte. Ispiluari buelta eman eta buruzagiari zuzendu zitzaion: «orain zergatik ez du berorrek ere bere buruaz barre egiten? Bere hizkera xelebreaz, bere bizarraren korapiloez nahi badu...». Hain harrapatu zituen ingurukoak ezustean, ezen algaraka lehertu baitziren batzuk eta suminez besteak; «halako errespetu faltarik buruzagiari eta bizar korapilatudunoi!». Egunak egin zituzten elkar iraintzen eta defendatzen. Bederen konturatu ziren denbora-pasatzat zeukaten ispilu hura, arma boteretsu bat zela. Dokumentatuta ei dago beduino haien ondorengoak kanoiaren ordez umore handi bat, barka, ispilu handi bat gurdi gainean hartuta agertu zirela batailaren batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.