Miren Amuriza.
BIRA

Ai-mar! I-ru-jo!

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Bandoak eta fakzioak, aliatuak edo aurkariak: agaramontarrak eta beaumontarrak; oinaztarrak eta ganboarrak; gorriak eta beltzak; khirixtiak eta türkak... Edo eztabaida sutsuan diharduen lagun parea: Maialen ala Amets, Amets ala Maialen... Eta zergatik ez biak? diotse hirugarren batek. Ez, ez, biak ezin dira, bakarra aukeratu beharra dago: Atxaga ala Sarrionandia? Rodriguez ala Alberdi? Zein duzu gustukoago, Loreak ala Handia? Konparazioak, gehienetan, zentzu bakoak izaten dira baina! Berdin dio, kontua eztabaidatzea da: Aire Ahizpak ala Amaren Alabak? Leteren Izarren hautsa ala Laboarena? Ba, igual, Ken Zazpirena, edo Ruperrena... Ez, ez, hirugarren, laugarren, bosgarren aukerek ez dute balio; Pagadi ala Zuhaitz? San Juaneko neskak ala Zumaiakoak? Korta ala Juanito Oiartzabal, esan, zein? Ai-mar! I-ru-jo! Ai-mar! I-ru-jo! Eta sanferminak non, Lesakan ala Iruñean? Laura Perez ala Ainhoa Aznarez? Maria Luisa ala Leonor, noren aldekoa zinen zu? Ez dakit ba, segun, egunaren arabera... Ez, ez, hemen ez dago bandoz aldatzen ibiltzerik! Esan iezadazu: Txirri, Mirri eta Txiribitonekin ala Takolo, Pirritx eta Porrotxekin hazi zinen? Mikolapiz ala Mikobruja? (Hirugarrenak hasperen) Isiltasuna ez da erantzun bat, aizu; ez al dakizu, posizionatzen ez zaren artean, bakean utziko ez zaituguna? Ea, esan: norena zara, aitatxorena ala amatxorena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.