Parrandan dabilenari ez dio askorik ardura bere zurruten arteko txiza parrastadak, maskuriari lehenbailehen bakea eman eta libre, komun publikoen eta ilun xamarrean gelditzen diren etxe-pareten kuxidadeak frogatzen duenez. Izatekotan, filosofatzeko puntua jarriko dio horretan ari den hordituari, doinuren bat iradoki diezaiokeelako gernuaren jario hotsak, edo bizitzaren metaforarekin egin dezakeelako topo, bere baitatik ateratako hori estoldetatik pasa eta erremediorik gabe itsasoratuko dela ohartzean. Eta zer dira estoldak, zer dira hara biltzen diren ur zikin horiek, gure barneko iraultzen salatari garbiak baino.
Hala moduko poesia bat ibiliko zuten gogoan Valentziako unibertsitatean, araztegietako ur laginak hartu eta herriko festetan kontsumitzen den alkohola neurtzerik ba ote zegoen bururatu zitzaienean. Espresuki diseinaturiko analisiek, kantitate zehatzak ez ezik, gustuak ere jarri dituzte agerian, hurrenez hurren: garagardoa (%50), pattarrak (%28), ardoa (%20)... Eta ez dakit asmazioari aplikazio praktikorik aurkitu ote zaion, bizi-aseguru, publizista, prebentzio elkarte edota inteligentzia zerbitzuek probetxurik aurkitu ote dioten honez gero, baina zer pentsa ematen du. Komuna baino, zuhaitz diskreturen bat begiz jotzeko gogoa.

BIRA
Alkohola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu