garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Izen ona

2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zer den sona eta prestigioa negozioaren mesedera jartzea eta monopolioa antolatzeko batere lotsarik gabe erabiltzea. Elservier publikazio taldea —zeina zientzia aldizkari esanguratsuenen jabe baita eta, adibide bat jartzearren, Brain Research-en edizio digitalera harpidetzeko 9.135 euro eskatzen baititu, jakina, ikerketen berri eman behar duten unibertsitateei ere argitaratzeagatik dirutza kentzeaz batera— ez dago bere aberastasun iturri oparoa mehetu dezakeen ezer ametitzeko prest. Hango buruei bost axola sinadura bilketak eta gainerako purrustadak, eta gauzak garbi uztearren, auzitara eraman zuten Sci-Hub webgune pirata. Ez da harritzekoa: 2011tik 2015eko urrira bitartean, milioika publikazio sareratu zituen, doan eta ilegalki ez ezik, bilaketa errazteko moduaz lagunduta.

Baina Sci-Hub-eko piratak ez dira erraz kikiltzekoak, eta orain, sei hilabeteko eten behartuaren ostean eta egoitza India aldera aldatuta, bandera beltza dantzatu dute berriro, eta zientziaren giltzarrapoak hausteko asmoa lau haizeetara iragarri. Hiru dira haien aldarri nagusiak. Bat: Jakituria eta ezagutza denentzat, estatus soziala, maila ekonomikoa nahiz kokapen geografikoa edozein dela ere. Bi: utikan copyright eskubideak. Hiru: sarbide librea.

Bejondeiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.