Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Laguntasunaz

Publizitatea

Iritzia

BIRA

Laguntasunaz

 

2017-09-14 / Miren Amuriza

Bizitzea den okupazio txundigarrian, lagunak gertakari eder bat direla idatzi zuen Emily Dickinson poeta estatubatuarrak. Ados nago, guztiz: bada ezagutzen duzun jendea (bidean topatutakoa) eta bada gertatzen zaizun jendea (inpresionatzen zaituena). Iraultzak gertatzen diren moduan gertatzen da laguntasuna, isilka-isilka, denborarekin, landutakoaren ondorio lez; ez elurteen moduan, berez. Horrexegatik ez naiz larregi fidatzen lagun asko dituela esaten duen jendearekin, eduki zapatak egiten direlako, tiraderan, eta laguntasunak dedikazioa (astia, arreta, mimoa...) eskatzen duelako.

Maitasun harremanei buruz dihardugunean (familiartekoak albo batera utzita), bikote erlazioei buruzkoek hartu ohi dute zentralitatea, halere. Harreman mota biek sentiarazten gaituzte bizi-bizi, bietan gertatzen dira fletxazoak, bietan pixkanakako liluratzeak; bietan egoten dira leialtasunagatiko gatazkak, zeloak; bietan izaten dira hurbilpenak, urruntzeak, mozketak; bietan gertatzen da artean hain hurreko sentitu ez duzun norbait (adinagatik, adibidez), solasaldi baten ondoren beste begi batzuekin ikustea; bietan biluzten gara... Ordea, askoz gutxiago dira lagunei eskainitako maitasun poemak, filmak, eskutitzak, kantak. Nik gustura kantatuko nieke, nizueke, deitxo bat egin eta nahinora etorriko zinateketenoi. Edo are, deiari aurrea hartu eta ttak, unerik egokienean agertzen zaretenoi.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak