Kataluniako Parlamentuan irailaren 22tik aurrera egin nahi du agerraldia Pujolek

Presidente ohia ikertzeko batzorde bat sortzeko prest agertu dira ERC, ICV-EUiA, CUP, C's eta PP.Ezkerreko indarrek kereila bat jarri diote

Jordi Pujol, herenegun, Bartzelonan daukan etxetik irteten. EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Aho batez, Jordi Pujolen «berehalako agerraldia» eskatu dute Kataluniako Parlamentuko zazpi taldeek —CiU, ERC, PSC, PP, ICV-EUiA, C's eta CUP—, Generalitateko presidente ohiak azalpenak eman ditzan atzerrian gorderik eduki dituen ondasunei buruz. Legez, Pujol ez dago legebiltzarrean agertzera behartua, baina uko egingo balio edo haren azalpenak ez balituzte nahiko argigarritzat joko, ikerketa batzorde bat sustatuko dutela iragarri dute ERC, PP, ICV-EUiA, C's eta CUPek.

Erakundeetako Gaien Batzordean hitzartu dute zazpi taldeek Pujolen agerraldia eskatzea, eta Nuria de Gispert Parlamentuko presidenteak erabakiaren berri eman eta «ahalik eta lasterren» agertzeko eskatu dio presidente ohiari. Agerraldia egiteko prest dagoela erantzun dio Pujolek, baina irailaren 22tik aurrera, irailaren 11ko Diadan eta hilaren 15 eta 17 arteko politika orokorrari buruzko eztabaidan «ahalik eta gutxien» eragiteko.

Uztail amaieran jakinarazi zuen Pujolek 30 urtean deklaratu gabeko ondasunak ezkutuan eduki dituela atzerrian —herentzia batekin lotu zuen—, eta oposizioak ustelkeriaren susmoa haizatu zuen. Atzo bertan, Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak argitu zuen Pujolek ez zuela baliatu PPko gobernuak 2012an onartutako amnistia fiskala.

Pujolen aitortzak katalanak «jota» utzi zituela adierazi du CiUko eledun Jordi Turullek, eta, uztaileko adierazpenaz landa, sei aldiz presidente hautatu zuen legebiltzarraren aurrean azalpen publikoak eman beharko lituzkeela argudiatu du. ERCko diputatu Gemma Calvetek Pujolen adierazpenak eragindako «noraeza, haserrea eta atsekabea» aipatu eta parlamentuan agertzea «gutxieneko adore keinua» litzatekeela nabarmendu du, «politikak izen ona berreskuratzeko».

Gogorragoak izan dira oposizioko taldeen kritikak, eta Pujolen aitortza «izotz-mendiaren punta» besterik ez dela nabarmendu dute ICV-EUiA, C's eta CUPeko ordezkariek. Presidente ohiaz eta haren familiaz gain, CiU eta Generalitatea ere zikindu dituen ustelkeria auzi handi baten erakusletzat jo dute.

Ciutadanseko presidente Albert Rivera izan da urrunen joan dena: «Ez daukagu lapur bat, banda bat daukagu. Millet [Palau de la Musicako presidente ohia] ez zen aitajauna, komisionista bat baizik. Eta guk aitajauna etortzea nahi dugu, Pujol bera».

Kereila eta independentzia

Podemos eta Guanyem Barcelona ezkerreko indarrek kereila bat jarri dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, Jordi Pujolen, haren emazte Marta Ferrussolaren, bien zazpi seme-alaben eta hurbileko hainbat pertsonaren kontra. Haiek guztiek kontrolatzen dituzten 50 bat enpresaren eta Kataluniako politikaren arteko loturak —bereziki erakundeen adjudikazio publikoak— ikertzea nahi dute. Pujol familiako kideei ogasunaren kontrako delituak, influentzia trafikoa, diru zuritzea, eroskeria, diru publikoaren bidegabeko erabilera eta prebarikazioa egotzi dizkiete.

Ezkerreko bi indarrek sustatutako kereilari atxiki zaizkio ICV, EUiA, CUP eta beste hainbat eragile eta auzo elkarte. Aurrez, Manos Limpiasek eta Plataforma per Catalunyak beste kereila bat aurkeztua zuten. Guanyemeko eledun Ada Colauk adierazi du indar bilketa hori «trantsiziotik datorren alderdi hegemonikoen sistemaren egiturazko ustelkeria» argitzeko nahiak eragin duela.

Espainiako Gobernuak Pujolen kontra zigor bidea baliatzeko aukera aipatu du Montorok, «iruzur fiskal kasurik larrienetakoa» izan daitekeelako, eta «harrigarritzat» jo du hura ikertzen hasi ziren urteetan Pujol «independentismoaren gidari» bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.