Europako Batasunak Balkanetako estatuen sarrera atzeratu du

Juncker Irango akordio nuklearra luzatzearen alde agertu da. Irlandan muga gogorrik ez egotearen beharra gogorarazi dio Varadkarrek Mayri

Borissov, Juncker eta Tusk, atzoko agerraldian, Sofian. BORISLAV TROSHEV / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunaren eta Balkanetako herrialdeen arteko goi bilera informala atzo amaitu zuten, Sofian. Xedea da batasunaren eta herrialde horien arteko elkarlana sustatzea. Halere, EBk adierazi du ez dela estatu gehiago sartuko batasunean 2025. urtera arte gutxienez. Horrez gain, Irango akordio nuklearra ere hizpide izan zuten, eta hura luzatzeko beharra azpimarratu.

Hamabost urte ziren EBko buruek ez zutela goi bilerarik egiten Balkanetako estatuetako gobernu eta estatuburuekin. Albania, Bosnia eta Herzegovina, Mazedonia, Montenegro, Serbia eta Kosovorekin bildu ziren, baina horiek batasunean sartzeko aukera mahai gainean jarri gabe. Horrela, elkarlana sustatzeko hainbat egitasmo adostu zituzten, baita bi aldeen arteko datorren bilera ere. 2020. urtean izango da, Kroazian, hark EBko txandakako presidentetza hartzean.

Balkanekin izan beharreko harremanez gain, beste hainbat gai ere jorratu zituzten EBko buruek. Horien artean, Irango akordio nuklearra. Europako Batzordeko presidente Jean Claude Juncker akordioari eustearen alde agertu zen, «Iranek bere konpromisoak errespetatzen baditu». EBk batasuneko enpresak babesteko betebeharra duela ere azaldu zuen Junckerrek, eta ez duela AEBekin negoziatuko «Damoklesen ezpata buru gainean duela»,hark ezar ditzakeen muga zergei erreferentzia eginez.

Presioa Mayri

Irlandako Errepublikako eta Erresuma Batuko lehen ministroak ere, Leo Varadkar eta Theresa May, Sofian bildu ziren, goi bilera aprobetxatuta. Brexit-a eta Irlandako muga izan zituzten hizpide. Varadkarrek argi utzi zuen Irlandako Errepublikaren eta EBren jarrera, brexit-aren ostean muga gogor bat ez egotea «marra gorri bat» dela negoziazioetarako.

Mayk ere Londresen nahia adierazi zuen: «Erresuma Batuak ez du aduana batasunean jarraituko Europako Batasunetik ateratakoan. Negoziatu egingo dugu etorkizuneko aduana akordioak lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.