garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Mina

2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Kartaz eraikitako gotorlekua bailitzan amildu zen 45 urteko gizasemea, ufada batez, minbizi mota erasokor eta sendaezin bati aurre egin beharko ziola azaldu ziotenean, duela sei urte, hil artean gogoratuko duen egunean, orduan, minutuan, segundoan. Gau osoa negar batean igaro ondoren, tatami gainean jarri zen, gazteagotan bezala, senak hala aginduta, borroka-arteek behinola emandako irakaspena —kolpeak nola jasan— berritzekotan. Oinaze psikologiko eta fisiko guztiak sentitu zituen, madarikazioa, bidegabekeria eta amorrua, harik eta etsaia behar bezala identifikatu zuen arte: ez zen gaitza bera, gaitzari beldurra baizik. Eta hortzak erakutsi zizkion izuari, mendean hartu zuen, bizitzaren izenean. Gaitzak su-etena eskaini zion.

Gaur, minbiziak bigarren eraso latza jo dionean, lasai mintzatu zaio emazteari, medikuarenetik aterata. «Dagoeneko ez naiz gotorleku hura. Zuhaitza naiz, orainean sustraituta eta munduari inoiz baino konektatuago dagoen arbola». Emazteak malkoei eutsi behar izan die, arrazoiari gaina hartzen dion kemen hori nondik ateratzen ote duen jakin nahiko lukeelako, baina batez ere, galdera trakets batek, ekidin ezin duen kezka egoista batek, mailukatzen diolako gogoa: zer egingo ote lukeen berak, egoera horretan balego.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.