Seme-alabak dagoeneko koskortuta dituzten guraso asko, amak bereziki, jaioberriei begira gelditzen dira sarri, ia hipnotizatuta eta irribarre ergela aurpegian, garai batean bizi izandako emozioak gaina hartu izan balie bezala, nostalgiaz. Halaxe gertatu zitzaidan neuri ere, webgune bateko argazkiak zerakutsan ume masail guria sehaskan lasai ederrean lo ikusita. Sei hilabete inguru izango zituen, eta kuriosoki, egundoko aurikulartzarrak belarri banatan, haren txikitasuna are nabarmenago markatzen zutela.
Lerdeari eusteaz batera, galdera ugari egin nizkion neure buruari. Esaterako, haur biluziak loreontzitan sartuta fotografiatzen zituen artista ospetsu haren lan-ildo berri bat ote zen, edota hala ez bazen, zer lortu nahi ote zuen egileak. Akaso, Nietzsche pentsalariaren esaldi hura, «musikarik gabe bizitza akatsa litzateke», ilustratu? Argazki-oinak eman zidan gakoa: «Pediatrak asaldatuta daude Frantzian, bi urtetik beherako hamar umeren artetik bati, kaskoa jartzen zaiolako lo egin dezan, goxo abestu edo sehaskan kulunkatu beharrean».
Zaharrak ahantzita, galdera berria piztu zidan informazioak: gorreria goiztiarra eragin dezaketen zergatiez ari ziren, ala, maizegi egin ohi duten gisan, guraso berriei ezjakin eta axolagabe deitzen?

BIRA
Entzumena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu