Astrofisikariek hizki larriz seinalatuko dute gaurko eguna, 2016ko otsailaren 11, unibertsoko grabitazio uhinen zantzuak detektatu direla argitaratu eta beraz ofizialduko baitu Nature aldizkariak; edo bestela esanda, Albert Einsteinek arrazoi zuela —horretan ere—, hark duela mende bete aurreikusi bezala, espazio-denbora ez dela finkoa, ez dela gehienok irudikatzen dugun moduan lineala, eta bibrazio edo uhinon eraginez, aldatu, konprimitu edo zabaldu egin daitekeela, txalupa batek ibaian barrena sortzen dituen olatuek ur-azala zimurtzen eta ondulatzen duten bezala.
Bi zulo beltzen arteko kolisioa ikusita frogatu dute Einsteinen egia. Talkak grabitazio uhinak sortu omen ditu, espazioan barreiatu, unibertso osoa bibrarazi, eta hemen, bi munstrook bat egin duten puntutik horren urruti gauden arren, antzeman egin ahal izan omen da, tresna berezi eta sofistikatuen bidez. Ez dakit munduaren ulerbidean zer nolako ondorioak izango dituen aurkikuntzak, baina Einstein aipatzen den aldioroko burutazioa etorri zait gaur ere: nola litekeen inoizko bururik argiena, garaiei aurreratuena, aldi berean emakumeei boto-eskubidea ukatzeko edo zientzia ikasketak debekatzeko bezain atzerakoi, misogino eta inteligentzia eskasekoa izatea. Dena ez da erlatiboa.

BIRA
Erlatibitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu