Miren Amuriza.
BIRA

Erantzuleak

2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Zuri-beltzeko sekuentzia tamalgarri baten antzean irudika liteke: karpa bat, oholtza bat, sonbreirudun mago bat eta publikoa. Erantzi du sonbreirua magoak eta non seinalatzen duen, berehala, ikusle batek: «hegazti bat dauka barruan!». Ordea, protagonistak ez entzunarena egin eta betilerik ere mugitu barik jarraitu du berean. «Hegaztia itotzear dago!» publikotik bigarrenez. Ikuslegoa aztoratzen ari zaiola jabetuta, iruzurti onaren eskuliburuan ikasitakoak aplikatzeko prestatu da. Lehenengo pausoa, akusazioak ukatzea: «Sonbreirua huts-hutsik dago eta kontuz diozuenarekin, nire izen ona zikintzearren sala zaitzaketet eta». Bigarrena, ikusleak inozotzat hartu eta arreta desbideratzea: «Begira, begira, han goian trapezista zelan ari den beroketak egiten!». Hirugarren pausoa, eufemismoetara jotzea: «bai, arnasa hartzeko modu berezia duen hegazti bat dakart sonbreiruan». Eta laugarrena, salatzaileak isilaraztea: «Guardiak! Kanporatu oihuka ari diren horiek!».

Pauso bertsuak jarraitu izan dituzte estatu espainiarrean eta Euskal Herrian azken hamarkadotan gertaturiko tortura kasuak estali dituzten instituzioetako, epaitegietako, komunikabideetako arduradunek. Eta Estrasburgok Espainia zigortu berri duen honetan ere, erantzuleez galdetzen jarraitu behar: zenbat eta nortzuk? Hemen desagerrarazi dituzten bakarrak ez dira txoriak izan eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.