Miren Amuriza.
BIRA

Manifako umeak

2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ez dakit mundua erabat geratuko balitz zein diferentzia igarriko genukeen leihotik begiratzean. Munduak, ordu batzuez bada ere, noranzkoz aldatzean zer gertatzen den bai: kalean (plazan, espaloietan, errepidean, biribilguneetan...) umeak ibiltzen direla, adibidez. Halaxe ibili ziren herenegun; mobilizazioetara berariaz ekarri zituztelako batzuk, nork zaindurik eduki ez zutelako besteak. Batzuek bazekiten nora zetozen eta beraiek margotutako kartelekin atera ziren, beste batzuek (egundo manifestazio batean egon gabeek) haluzinatu egin zuten hainbeste jenderen artean. Batzuk jolasean ibili ziren globo gehien nork lehertuko, eta beste batzuk asper-asper eginda: goazenetxera, goazenetxera...

Martxan gindoazela, ama biren arteko elkarrizketa entzutea suertatu zitzaidan. Etsita ziharduen batek: seme-alabak, umetan, mobilizazio guztietara eroaten zituztela zioen, baina orain (16-18 urterekin) haiek ez direla ia ezeinetara joaten; gogaitu egingo zituztela, akaso. Hala izanik ere, umeak protestaren kulturan heztearen garrantzia gogorarazten zion besteak eta nago, neu ere, txikienentzat kalean ibiltzea bezain onuragarria dela auzo, herri, hirientzat haiek kaleak okupatzea: gizonezko helduentzat pentsatutako guneotan umeak libre, gustura, seguru mugi badaitezke, gainontzeko denok ere libreago, gusturago, seguruago ibil gaitezkeen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.