garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Zazpi

2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Barrura begira aski maiz jar gaitezkeen arren, goitik hasi eta beherainoko errepasoa, bizitzak emandako urteen eta gertaeren balantze zintzoa, zazpi urtetik behin-edo egiten omen du norberak, zorigaitz larriren batek horretara lehenago bultzatu ez badu behintzat.

Fabrikaren aurrean planto eginda dagoen gizonari bitxia iruditu zaio zikloa, andrearen ahotik ikasitakoa gogora etorri zaionean. «Zazpi, beraz», errepikatu dio bere buruari. Ez bost eta ez hamar. Kapritxo ergel baten taxua duela otu zaio bat-batean, zenbakiagatik hain zuzen, eta negarra beharko lukeen algarak egin dio ihes. Hark, inertziak eraman duen bezala urratu baitu bere bidea gizondu zenetik, gertaera nagusiak segida bakar logikoan kateatu izan balira bezala: andregaia aurkitu, soldadutza egin, lana lortu, ezkondu, hipotekatu, seme-alabak hazi, gurasoei lur eman… pentsatzeko ere pausatu gabe.

Zenbat zazpiko ziklo iragan zaizkion kalkulatzen hasi da orain; zenbat barne balantze zor ote dizkion bere buruari, eta haiek aldiko zintzo bete izan balitu, gaur porrot sentsazioa berdin gailenduko ote litzaiokeen galdezka, hortxe, fabrikaren aurrean geldirik, urte luzetan bigarren etxea izandako horri begira harrituta, erretiroak balantzerako aukera besterik ematen ez dion honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.