Miren Amuriza.
BIRA

Kanken motxilak

2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ia hamar minutuz egon nintzen lehengoan eskaparate baten aurrean, dendara sartu-ez sartu, Fjällräven Kanken markako koloretako motxila ilara bati begira; azeri gorriaren logotipoa daroatenak, badakizue, aspaldion inork ere ez darabiltzan karratu horietakoak. Larruzko tiranteak eta heldulekua zeuzkan bati bota nion begia, garestienetako bati bota ere (ia 80 euro).

Hantxe nengoen, sudurra kristalera pega-pega eginda, neure buruari dirutza hura gastatzea justifikatu guran. Motxila bat behar nuela sinetsaraz niezaiokeen (kalerako zein lanerako balioko zidala pentsatuta, adibidez) edo aspaldiko partez saritxo bat merezi nuela erabaki eta erosi (bai, oparitarako, mesedez). Ordea, era berean, banekien oso probablea zela motxila hura eskuratu eta, lehenago edo geroago, atondoko esekitokira kondenatzea (kalerako handiegia zelako eta lanerako txikiegia) edo erosi izanaz damutzea handik egun batzuetara ingurukoren bati modelo berdina edo antzekoren bat ikustean. Tendentziei jarraitu eta, aldi berean, originala izan gura izate hau konplikatua zer den, aizue (itxurak arduratzen gaituenik adierazi barik, jakina)!

Azkenean ez nuen erosi eta, egiari zor, harrezkero ezin saihestu motxila urdinekin gurutzatzen ditudanei erdi-destainaz begiratzea; norberak teorian gura ez dituen gauzak dauzkan jendeari begiratzen diogun lez, badakizue. Teorian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.