Haurren aurkako sexu abusuak «tragedia nazionala» dira Australian

8.000 biktimen testigantzak jaso dituzte txosten batean. Abusuen ia kasu guztiak Elizari eta gobernuko erakundeei lotutakoak dira

Txostena gobernuaren esku utzi zutenean, atzo, Canberran. JEREMY PIPER / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Dozenaka mila haurrek sexu abusuak jasan dituzte Australiako erakunde askotan. Ez dugu inoiz jakingo benetako zenbakia zein den», esan du haurren aurkako sexu abusuei erantzun instituzionalak emateko Australiako Errege Batzordeak. Bost urteko ikerketaren txostena kaleratu zuen atzo, abusuen 8.000 biktimen testigantzak jaso ostean. Horiei aurre egiteko 189 gomendio ere kaleratu dituzte, jada argitaratu zituzten beste 220ei gehituz.

Hamarkada ugaritako datuak jaso dituzte, «erakunde errespetagarrienetakoak», besteak beste, eskoletakoak, Elizetakoak eta kirol taldeetakoak. Abusuen %58,1 instituzio erlijiosoetan izan dira —gehienak Eliza katolikoaren barruan—, %32,5 gobernuari lotutako erakundeetan, eta %10,5 bestelakoetan. Erdiek baino gehiagok 10 eta 14 urte bitartean zituzten erasoak jasatean, eta kasuen %93,8 gizonezko helduek eginak dira, batez ere erlijiosoek eta irakasleek. «Ez dira sagar ustel batzuen kasuak bakarrik, gizartearen instituzio gorenek huts egin dute», azaltzen du txostenak. Gaineratzen du biktimen %36ri pertsona batek baino gehiagok egin diela eraso.

Batzordeak 2.500 akusazio baino gehiago aurkeztu ditu autoritateen aurrean, eta 230 prozesu hasi dira jada. Otsailean, Eliza katolikoak instituzioko 1.880 kideri lotutako 4.500 kexa jaso zituela ere kaleratu zuen, ustezko abusuengatik; batez ere, 1980. eta 2015. urteen artean gertatuak.

Ugari izan dira biktimei barkamena eskatu dieten erakundeak. Australiako lehen ministro Malcolm Turnbullek «tragedia nazional» gisa definitu ditu gertaerak, eta adierazi du gobernuak prozesu bat hasiko duela biktimei konpentsazio bat emateko. 34 milioi euro inguru bideratuko dituzte biktimen konpentsazioetarako eta babeserako. Errege Batzordearen datuen arabera, 60.000 lagun daude konpentsazio horiek jaso ditzaketenen artean.

Australiako apezpiku katolikoen konferentziako presidente Melbourneko artzapezpiku Dennis Hartek ere barkamena eskatu nahi izan die biktimei: «Iragan lotsagarri bat da, sekretuen eta barne babesaren kultura gailendu zena, eta beharrezkoa ez zen sufrimendura eraman ditu biktimak eta euren familiak».

Proposamenak Elizari

Txostenean proposamen eta gomendio ugari ageri dira. Horien artean, haurren aurkako sexu abusuei aurre hartzeko plan estrategiko nazional bat, eta eskoletan prebentziorako sistemak sortzea. Haurren segurtasunerako bulego nazional bat eratzea ere proposatu dute, gobernuaren menpe legokeena.

Planteatutako gomendioen artean, Eliza katolikoarekin lotutako bik zeresana eman dute. Batzordeak aitortza sekretua pederastia kasuetarako ez aplikatzeko eskatu dio Australiako apezpiku konferentziari. Horrek adierazi du proposamena Vatikanora bidaliko duela, baina Hartek esan du aitortza sekretua «bortxaezina» dela. Halako kasu baten aurrean «ikaragarrizko barne gatazka baten aurrean» egongo litzatekeela azaldu du.

Bestalde, zelibatua derrigorrezko ez izatea ere proposatu dute: «Ez da haurren aurkako sexu abusuen kausa zuzena, baina halakoak gertatzen laguntzen du, beste hainbat arrisku faktorerekin nahasten denean». Sydneyko artzapezpikuaren ustez, ordea, arazoa denona da, zelibatua egon edo ez, hori ageri den instituzio eta familiatan gertatzen baita.

Biktimen ahotsa

Datuak eta gomendioak ez ezik, biktimen testigantzak ere argitaratu ditu txostenak. Askok lehen aldiz eman dute jasandakoaren testigantza, elkarrizketa pribatuen bidez. Gerry Annena —izen asmatua— da jasandako abusuak kontatzera ausartu den biktimetako bat: «Umezurtz etxean igaro nuen denboran nire inozentzia lapurtu zidaten, eta orain naizena bilakatzera eraman ninduten: beldurtia, itxia, bakartua eta joera suizidekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.