Erlijioak pertsona hobea izaten laguntzen duela dio uste zabalduenak. Guraso sinestunek, esate batera, elkartasuna balio ziurtzat leukakete etxean, eta lepoa jarriko lukete haien seme-alabak solidarioagoak direla, erlijioaren balioak sehaskatik hartu ez dituztenak baino eskuzabalagoak.
Enpatiaz askotxo dakien batek, ordea, alderantzizkoa ekarri du agerira; ateoek edo fedeari loturik ez daudenek, hain zuzen, errazago lagunduko diotela lagun hurkoari bat-batean suertatu diren egoeratan (adibidez, eskekoren batekin topo egitean). Eta hipotesia adingabeen artera eramanda, fede zantzurik gabeko haurrak altruistagoak direla diosku Jean Decety Chicagoko neurozientzialariak, ezezagunen artean daudenean partekatzeko joera handiagoa erakutsi ohi dutela, Kanada, AEB, Hegoafrika, Jordania, Turkia eta Txinako 5 eta 12 urte arteko umeen jokamoldea aztertu eta gero.
Ikerketak berak baino gehiago, batzuen eta besteen oinarriak eman dit arreta, eskuzabaltasuna zerk pizten dien fedegabeen nahiz fededunen haurrei. Lehenengoen kasuan, enpatiak eta errukiak. Besteen kasuan, berriz, dogmak, talde identitateak eta ospeak. Emozioak eta bihotza beren moldekoentzat bakarrik gordeko balituzte bezala. Eta gu, gaitz guztien errua eskolari leporatu nahian.

BIRA
Altruismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu