garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Memoria

2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Memoria historikoa berreskuratzea hizpide hartzen den bakoitzean, «berreskuratu» delako horrek ematen dit arreta. Nire buruari galdezka aritzen natzaio, ez ote genukeen aditz egokiagorik, ez ote litzatekeen zehatzago azaleratu, edo ofizializatu, edo egunera ekarri, edo frogatu (gorpuak, hobiak, agiriak, lekukotzak bilduz). Berreskuratzeak galdu izana iradokitzen didalako, noizbait ukandakoa galbahetik joan izana. Baina hemen memoriarik ez da galdu, ez da desagertu. Egin da apropos zulatu. Egin da makurrarazi. Egin da zigortu. Egin da halabeharrez eta lazgarriki isildu, kolkoratu. Baina ez galdu. Baina ez ahaztu. Baina ez nola hala transmititzeari utzi.

Hitzak hitz, memoria historikoa aipatu eta ezin kendu dut Siriako drama burutik. Erru osoa izango ez badu ere, gure zibilizazioak xaxatuta piztu zen gerra, ezikusia, heriotzari ihes egin beharra. Eta zibilizazio horrek berak die biktima zibilei ateak itxi, laguntza ukatu, saguak bailiran zepoetan harrapatu, jabetzak konfiskatu, duintasuna arbuiatu. Gure zibilizazioak sustatuta jarraituko du gorrotoak, eta ez zaie ahantziko. Gogoan izango dute, haien memoria historikoa osatuko du, belaunaldiz belaunaldi, pairatutakoaren aitortza, kalteen ordaina eta erreparazioa heltzen zaien arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.