Miren Amuriza.
BIRA

Eskaria

2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Norbaitez arduratzea da zaintzea; hurkoa hainbat ondoen egon dadin, haren beharrizanei erantzuten ahalegintzea eta babestea. Saretua izan behar luke zaintzak, joan-etorrikoa; gaur neuk zainduko zaitut zu, hura zeuk zainduko duzu bihar-etzi eta hark ni hurrengoan. Inoren ongizatearen erantzukizunaren parte bat asumitzea da zaintzea, norbera baino egoera zaurgarriagoan dagoenarena: bakarrik moldatzeko gai ez denarena, fisikoki edo emozionalki ahul dagoenarena...

Borondatezko zaintza senideen edo hurreko lagunen artekoa izan ohi da, etxekoa. Ordea, norbait, norbaitzuk egiturazko tratu txarren ondorioz iristen direnean zaurgarritasun egoeraren batera, neurri berekoa, kolektiboa eta antolatua, izan behar luke erantzunak. Gizarte osoari dagokio erakundeei zahar egoitzetan, errefuxiatuentzako harrera zentroetan edo kartzeletan bizi diren herritarrentzako baldintza duinak exijitzea; horien zaintzan esku-hartzea, bigarren plano batetik bada ere. Horixe erreklamatu diote Angelita Burgoa eta Sagrario Ramosek Alcala Mecoko zuzendaritzari: beren semeak (Ibon Iparragirre eta Manu Azkarate) etxean jagotea. Ez dirudi, baina, gobernu espainiarrak gaixorik dauden euskal preso politikoei dagozkien eskubideak bermatzeko zirkinik txikienik ere egingo duenik. Jendarte zabalari egin behar, beraz, eskaria; inor, elkar, zaindu ahal izateko laguntza eskaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.