Miren Amuriza.
BIRA

Estatu kolpea

2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Estatua, hierarkia, sukaldean hasten bada eta sukaldeko mahaia bada ukabilarekin jo duguna, bai, estatu kolpe bat da hau: birbanaketaren aldekoa, hala etxeko lanena, nola boterearena. Estatu, mahai kolpe bat igande eguerdi batean; aitaren egunaren karietara familiako ordezkaritza osoa sukaldean bilduta dagoenean, hain justu.

Dagoela lasai, bere pribilegioei uko egin diona: bikotearen haurdunaldian eta edoskitzean zehar alkohola edateari utzi diona; umeen zaintzan gutxienez amak adina denbora eta energia inbertitzen duena; erreproduzitzen duen maskulinitate eredua kuestionatzeko gai dena; eztabaida batean betoa edo kalitatezko botoa egundo baliatuko ez lituzkeena... Zuti dadila, abantailaduna: bederatzi hilabete «haurdun gaude» esaten pasatu eta gero, kirolik egin barik egun bat bera ere igarotzeko prest ez dagoena; dibortzioaren aurretik zaintza alboratu eta ondoren partekatzea exijitzen duena; emakume batek bere karga genetikoa daroan ume bat gesta dezan, bere posizio ekonomiko pribilegiatuaz baliatzen dena; azken hitza beti eduki behar duena... Eta sukaldeko astrapalak noraezean harrapatu duen despistatua, espabila dadila; amatasunak birpentsatzeak nahitaez ekarriko baitu aitatasunak birpentsatu beharra. Ordea, gizonon lana da hori, ez emakumeona.

Estatua, hierarkia, sukaldean hasten bada, akabatu ere hantxe egingo dugulakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.