Miren Amuriza.
BIRA

Agurtzea

2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Agurtzea kaixo esatea da: bostekoa emanaz, begi keinu batekin, elkar besarkatuz... Legearekikoak bete ondoren libre geratu den preso politikoari senideek eta lagunek ongi etorri esatea, adibidez; poza agertzea, hura etxeratu delako ez eze, beraiek ere dispertsioak suposatzen duen zigor erantsitik libre geratu direlako. Adio esatea ere bada agurtzea: gutun bat, kanta bat, dantza bat eskainiz... Edonori. Preso, iheslari edo deportatuari senideek eta lagunek ongi joan esatea, adibidez; mina agertzea, hura zendu delako ez eze, beraiek ere horixe dutelako dolua egiten hasteko modua.

Gatazka politikoa ikusteko adina era ditugunez berau sentitzeko, ez da harritzekoa gaur-gaurkoz talka ideologikoak ez eze, emozionalak ere etengabe gertatzea. Nekez pentsatuko genuen, ordea, 2018ko udaberrian Espainiako Gobernuak presoen harrera eta agur ekitaldiak kriminalizatzen jarraituko zuenik; hain gutxi, Jaurlaritzaren diskurtsoak Alderdi Popularrarena legitimatuko zuenik.

Gatazkaren ondorioak jasan dituen edonork behar ditu bere barne-borrokak bideratzeko espazioak eta denborak; izan alde batekoa zein bestekoa, zuzenean zein zeharka kaltetua. Horrexegatik jarraituko dugu presoei ere kaixo eta adio esaten: ukaezina delako emozioak adieraztea; emozioak adieraztea delako elkar pozez, minez agurtzea. Eta elkar pozez, minez agurtzea, ukaezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.