Miren Amuriza.
BIRA

Nire hileta

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Banoa lehengo batean, iluntzeko eguzki epeletan, kalean behera, eta non ikusten dudan ehorztetxeko autoa elizaren aurrean aparkatuta. Hilkutxa bat ateratzen ari ziren, hantxe, jendez eta lore-koroaz inguratuta. Eta pentsatu nuen tristea behar zuela halako aste eguzkitsu batean hiltzeak, behin hilko eta... (milaka euroko trajeak, soinekoak erosteko «behin ezkonduko eta» pentsatzen dutenek lez). Nik beti desiratu izan dut hiltzen naizen egunean eguraldi txar-txarra egitea. Bueno, hiltzen naizen eguneko bertako eguraldiak ez dit hainbeste ardura egia esanda, baina hileta eguna ez dadila epela, argia, oskarbia izan. Arren. Zeremonia amaitzen denean gonbidatuak ez daitezela zurito bat hartzera joan, alegia; doazela etxera (izan nintzen artista ona eta pertsona hobea gogoan-da) edo, gehien-gehienez, salda bat hartzera. Eta, tira, eskatzen hasi naizenez gero, ahal dela ez nadila abuztuan hil, badakigu-eta sasoi horretan jaiotzen direnen egunekin zenbat akordatzen garen (pentsa hildakoengatik zenbat mobilizatuko ginatekeen!). Ez, atsekabea manifestatzearren gauez ere eguzkitako betaurrekoekin aterako litzatekeen ni, gu lako bat, ezin da abuztuan hil; izorratuta dagoenean itxura ona daukala esateak (alderantziz beste, edo gehiago) amorrarazten dituenetariko bat. Gu lako drama queen-en hiletek hotzak, euritsuak behar dute izan. Ganorazkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.