Miren Amuriza.
BIRA

Antsietatea

2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Euskararen agoniari buruzkoak («erabiltzen ez baduzue hil egingo da» eta beste) heriotza bera zer zen konprenitu aurretik entzuten hasi zirenetarikoa naiz eta atentzioa eman zidan Orreaga Ibarra filologoaren elkarrizketako titularrak: «Lexiko bat hiltzen ari da eta beste bat sortzen». Abrigu grisezko andre-gizonak imajinatu nituen kristalezko ontzitxoetan hildako berben esentziak aldarerantz zeroatzatela; hantxe eurak, nerabe kuadrilla batek eliza-ostean elkarri zigarroa pasatu eta kearekin lantzean hitz-burbuila berri bat airerarazten zuen bitartean.

Euskara gure aitita-amamek iraunarazi eta gurasoek biziberritu zutela entzunez hazi ginen gu, ondorengooi erabilera igotzea zegokigula-eta. Transmititu ziguten hizkuntzarekiko beren grina, ordea, baita antsietatea ere. Eta ulertzekoa da gaztetxoari «bestela hil egingo da» diotson heldua (galerez kontzienteago izanik) alertan egotea, baina, era berean, presente eduki behar luke arriskua sumatzean modu bitara erreakziona dezakeela edozein animaliak: aurre eginda edo ihesari emanda. Baliteke askok euskararen aldeko hautua egin genuen lez, beste zenbait horrexegatik aldendu izana.

Erlaxatu ez gaitezen lantzean sirena-hots bat entzunaraztea ondo etor dakigukeen arren, hobe dugula hil-kanpaia jotzeari uztea, alegia: bataila hau jarrera baikorrarekin libratuko dugu edo ez dugu libratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.