Donostiako Zinemaldiak bere irudia berritu du

TGA estudioak egin du diseinua. Sailetako kartelak ere aurkeztu ditu

Erredakzioa
Donostia
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak «nortasun grafiko berria» eta 66. aldiko sailetako kartelak aurkeztu ditu. Jaialdiaren arduradunek azaldu dutenez, «marka eguneratzea eta ikusgaitasun handiagoa izatea» dira irudia berritzeko arrazoiak. Donostiako TGA estudioak sortu ditu irudia eta kartelak. Maskorra, jaialdiaren izena —euskaraz, gazteleraz eta ingelesez idatzia— eta izenaren laburdura ingelesez— biltzen ditu logotipo berriak. Arduradunen esanetan, estudioak «lerro sintetikoagoko eta sendotasun bisual handiagoko maskor bat erabili du, erakusteko Zinemaldia modernoa dela, etengabe berraztertzen dela eta testuinguru aldakorrera moldatzen dela».

Azaldu dute sailetako kartelek, berriz, «dinamismoa, argitasuna eta bizitasuna» ageri dituztela, eta trataera eta nortasun grafiko bera dituztela; denek daukate argazki batez eta ilustrazio batez osatutako konposizio bat. Alabaina, era berean sail bakoitzak bere nortasuna duela nabarmendu dute, kolore bereizgarri bati esker. Jakinarazi dute Sail Ofizialaren kartela aurrerago aurkeztuko dutela.

TGA estudioak, hamabost urteko ibilbidean, irudiak sortu ditu Donostia Kulturarentzat, Kutxa fundazioarentzat, Elias Kerejeta zinema eskolarentzat zein Aquariumentzat, besteak beste; baita hainbat kartel ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.