Miren Amuriza.
BIRA

Gauza horiek

2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hara zelan irits litekeen bat mugikorra eskuan hartuta kalean usoen atzetik korri egiteraino; ezagun batek besotik heldu eta ondo al zaude galdetzeraino, zehazki.

Apustu bat egin genuen lagun batek eta biok: hilabetean nork hegazti gehien fotografiatu justu aireratzen ari ziren momentuan: lurretik, adarretik, kabletik... ahalik eta hurren atzeman behar genituen. Biotakoren batek txoriren bat zango bata airean eta bestea finkatuta zuela harrapatuz gero, huraxe izango zen irabazlea eta bertan amaituko jokoa. Aurkitu, itxaron, sakatu; hain zaila ere ez zirudien. Eta pikatu egin ginen. Tira, nintzen, bost argazkiren aldea atera baitzidan lagunak bizpahiru egunean. Horrelaxe iristen da bat mugikorrarekin kalean usoen atzetik ibiltzera.

Bizilagun hark itzarrarazi ninduen: ondo al zaude? Ehiza-txakur konplexua sartu zitzaidan: bai, bai, aplikazio berri bat probatzen ari naiz. Eta alde egin nuen: barkatu, presaz nabil. Balio ez zuten irudiak borratzen hasi nintzen orduan (hiru, sei, hamasei, hogeita sei...), argazkilari profesionalek horiek ere lantzean behin erakutsi egin behar lituzketela pentsatuz; ikusleek beren lana balioesteko bezainbat, ni lako inpazienteak sosegatzeko. Batzuetan ahaztu egiten zaigu-eta zenbait gauza harrapatzea presiopean zailagoa izaten dena; txoriak, orgasmoak, bertsoen azken puntuak eta gauza horiek, badakizue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.