Miren Amuriza.
BIRA

Lagun inbisiblea

2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Aspaldiko ezagun batekin topo egin zuela esan zidan lehengoan lagun batek, agurtzera joan zitzaiola baina hura ez zela berarekin gogoratzen. Keinu arraroren bat egin nuen antza, segituan ahalegindu baitzen esanikoari pisua kentzen; trankiltzeko ziostan, sarri gertatzen zitzaiola. Egundo halakorik entzun bakoa nintzaion eta zer pentsa utzi ninduen.

Talde handietan oharkabean pasatzen denetarikoa da lagun hau; parrandan gabiltzanean, esaterako, hutsunerik uzten ez duena harik eta trago bat soberan geratzen denean, etxera joan dela konturatzen garen arte. Kontrakoa gertatzen da beste batzuekin, bazkari bat egin eta denboragarrenera, bertan egon zirela ez eze, zelako orrazkera eduki zuten ere gogoratzen dugun horiekin, adibidez; izan berezko argia, espontaneitatea, enkantua daukatelako, zein arreta eurenganatzeko bekokian frontal bat jarrita agertzeko gai izango liratekeelako.

Kontua da (nahita edo nahi barik), horiek denek itzala egiten diotela nire lagunaren moduko jendeari; beste gauza batzuekin ez bezala, argia banatzearena ez baitaukagu hain barneratuta, antza. Xuhurrena ere ez litzateke ausartuko konpartitzeko eskatutako patata frijituak berarentzat bakarrik hartzen, ordea, mahai gainean protagonismoa dagoenean... kontuz. Kuadrillan lagun inbisible bat edukitzea ez dela jolasaren adierazgarri alegia, arazotxoren batena baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.