garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Erremedioak

2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Nire haurtzaroko oroitzapen deseroso askok Bisolvon Compositum xarabe irentsezinaren zaporea dute, eta Vicks Vaporup ukenduaren usain sarkorra —halako hitz arrotzak ahoskatzeko aski ohiturarik ez artean, eta gure inguruan bispaporusa esaten zitzaion—. Pentsatzen hasita, kiloka eman zigutela iruditzen zait. Hotzeriak hartzen gintuen aldi bakoitzeko, to lika mendatsua, pijama gau osorako gorputzari itsatsita uzteko adina.

Ezustean, sudur-zintzurren karga arintzeko ez ezik, beste hamaika kontutan ere mesedegarri dela jakin dut aurreko batean, erabilpen harrigarriak aitortzen zaizkiola amonen erremedio liburu deiturikoetan: atzazaletako onddoak astebetean desagerraraztea, eltxoak uxatzea, ebakiak eta urratuak sendatzen laguntzea edo bederen zauri horietan infekzioak galaraztea, burukominak arintzea, giharretako gogordurak samurtzea, ezpainak hidratatzea, zakur-katuak toki jakin batzuetatik urrutiratzea, toki horietan txizarik egin ez dezaten…

Eta halakoak ikasita, gure haurtzaroko beste ikono batzuk etorri zaizkit gogora, esate baterako, eguneroko meriendan ogi tartean ematen ziguten txorizoa bera, Osasunaren Mundu Erakundeak ahotan hartu berri duena. Gerra kimikoari gailendu zaizkion saguak garela iruditzen zait batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.