BIRA
Bitartean
Diotenez, atzo ajea sendatzen egon eta gero, gaur hasiko dira Katalunian egiazko auziak, errealak, serioak, ebazten. Esate baterako, Artur Mas presidenteak gaur iragarriko ei du zein urrats egingo dituen aurrerantzean. Funtsean, gaur hasiko da argitzen agintari eta politikariek igandeko botoen emana nola kudeatuko duten. Lohiz betea omen dago bidea.
Baina gurean ere gogor eta luze itxurako sumatu ditugunez udazken-neguak, utz iezadazue, pixka batez, besta luzatzen. Eta laketzen, adibidez, establishment-aren adierarik zurrunena gorpuzten duen Masek eta matxinada haizeek jantzitako David Fernándezen arteko besarkadarekin. Eta sinesten zintzoa izan dela elkarrenganako keinua, jakinagatik politikak batzuentzat apenas duela eszenaratzetik haratagoko esanahirik. Eta irudikatzen posible direla jarrera berriak, batez ere, goitik behera.
Baina, batik bat, utz iezadazue pixka bat gehiago gozatzen bozkaleku atarietako ilara luzeen irudiarekin, eta, bereziki, bozkatzaileen artean suma daitekeen hunkidurarekin, islatu baitute erabakimena sentitzeak eta buru jabe jokatzeak ematen duen indarra. Eta, halaber, ispilatu baitute zerbait hutsetik hasteko aukerak —izan adiskidetasun bat, lan bat edo estatu bat— eragiten duen gogo berritzea, akatsak ez errepikatzeko ziurtasuna.
Berriro erori arte.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.