Miren Amuriza.
BIRA

Xalbadorrena

2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ai, jende hori... Gogoko ez zaituen jendea. Zeure buruari ardura ez dizula sinestarazi arren, buruan izaten duzun hori; hitzez adierazi ez badizu ere, amorrutxoa dizula dakizun jendea, bizilagunaren txakurrak bezala. Badira, zeuk eurekiko aparteko antipatiarik sentitu ez arren, ahal dela, igogailuan topatu gura ez zenituzkeenak. Eta badira, noski, eurek zuri adinako ezinikusia diezunak ere, egunaren arabera, mintxoa edo plazertxoa sentiaraz diezazuketenak metro karratu berean suertatuz gero. Badira motibo ideologikoengatik begitan zauzkatenak; aliatu izango ez zaituztenez, etsaitzat hartzea beste erremediorik ez dutela uste dutenak. Badira zure jardunagatik, adibidez, lanpostuagatik, gorrota zaitzaketenak. Edo, gehiagoko barik, zure begiak kliskatzeko moduagatik jasaten ez zaituztenak. Motibo ideologikoak direla medio norbaitek begitan hartzea, seinale ona izaten da, zeure ildoan fin zabiltzanaren seinale. Bekaitza zure jardunaren ondorio bada, baliteke berrikusi beharreko botere-harreman baten adierazle izatea, edo besterik gabe inbidiatxoarena. Zure begiak kliskatzeko moduak arazo bat suposatzen dionak, nahikoa dauka, koitaduak, bere buruarekin. Ai, jende horri... Zer egin jende horri? Xalbadorrena. Agurtu keinutxo batekin, irribarre erdiarekin ere bai nahi bada, eta segi aurrera; «...txistuak jo dituzute baina maite zaituztet oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.