garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Hego haizea

2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Udazkenak halako kapritxoak eskaintzen ditu inguruotan: egun batean gaztainak biltzera edo perretxikotara joateko oparotasuna, hurrengoan uso-pasak eta bestelako hegazti migrazioak alderatzeko abagunea, eta jarraian, hego haizea lagun, eguteran jarri eta kasik biluztekoa; lan-urtea horren astun heldu den honetan, hain zuzen, dagoeneko ahantzita daukagun sasoi beroa nostalgiaz berritzeko parada.

Jendetza bildu da egunotan Hendaiako hondartzan, zapi koloretsuen gainean jarrita ikusi ditugu asko, berriketan, ikusmiran eta egonean, izozkia eskuan. Ibilian ibili beste batzuk, itsas hegalean aurrera eta atzera plisti-plasta, ariketa terapeutikoan, baita jolasean ere, ume nahiz heldu, edo alferkerian, sinpleki denbora-pasan, oporretan baleude bezala.

Inbasiorik handiena, ordea, hondartza aurreko ur hurbiletan gertatu da. Bidasoa ibaiaren ertzeko morrutik hasi eta ia erlaitzerainoko tartea, hiru kilometro luze, urte gutxitan ugaldu diren zaletu berriek hartu dute jabetzan. Neoprenozko bigarren larrua daramate soinean, eta surf-taula txorkatilari lotuta. Olatuak mendean hartzea beste asmorik ez dutela, temati heltzen diote helburuari, inguruan daukatenari erreparatu ere egin gabe. Anfibio gerrillak dirudite itsas frontean.

Hori da plaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.