Infernutik kanporatzeko zorian

Dadaabeko somaliarren kanpalekua ixteko erabakian atzera egiteko eskatu dio NBEk Kenyari

Iheslari somaliarrak, duela lau urte, Dadaabeko kanpalekuko Ifo errefuxiatu gunera iritsi berritan. DAI KUROKAWA / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Urte askoan, eskuzabal jokatu izan du Kenyak somaliar iheslariekin, eta horren erakusgarri da 1991n muga ondoan eraiki zuten kanpalekua. Dadaabeko gunea 90.000 pertsona hartzeko prestatu zuten, gerra zibiletik eta lehorteak eragindako gosetetik ihesi joan ziren somaliarrentzat; baina oso denbora gutxian 400.000 baino gehiago izatera iritsi ziren. Eta, orain, Dadaab «terroristen haztegi» bihurtu dela iritzita, kanpalekua ixteko hiru hilabete eman dizkio Nairobik UNHCR Iheslarientzako NBEren Goi Mandatariari. Kenyako Gobernuari erabaki horretan atzera egiteko eskatu zion herenegun NBEk, iheslariak Somaliara itzularaziz gero «muturreko egoera batera» bultzatuko dituztela argudiatuta.

2013ko irailean Al-Shabab talde islamistak Nairobiko Westgate luxuzko merkatalgunean eginiko erasoarekin jo zuen gaina Kenyako agintarien ezinegonak. Gutxienez 72 lagun hil zituzten lau eguneko erasoaldian, eta handik gutxira, azaroaren 10ean, milioi bat somaliar inguru Kenyatik beren jaioterrira itzularazteko ituna egin zuten zuten Kenyak, Somaliak eta UNHCRk. Borondatezko itzulerarako prozedura praktiko eta juridikoak zehaztu zituzten, baina ez zuten argitu noiz hasiko ziren jendea Somaliara bidaltzen.

Al-Shababek duela bi aste Garissako unibertsitatean egindako atentatuaren ondotik —gutxienez 148 lagun hil zituzten—, haatik, ultimatum bat eman du Kenyako Gobernuak: hiru hilabeteko epea ezarri dio Iheslarientzako NBEren Goi Mandatariari Dadaabeko bost guneak —Dagahaley, Hagadera, Kambios, Ifo eta Ifo-2— desegin eta iheslariak Somaliako eremuren batean kokatzeko.

UNHCRk hala egin ezean, Kenyako agintariek beraiek kanporatuko dituzte somaliar iheslariak, William Ruto presidenteordeak apirilaren 11n ohartarazi zuenez: «Amerika Irailaren 11ren ondoren aldatu zen gisa berean, Garissaren ondoren Kenya aldatu egingo da. Kosta ahala kosta, herrialdea babestu egin behar dugu, baita Somaliarekiko negozio guztiak galtzen baditugu ere».

Urtebetean ehun mila somaliar inguru jaioterrira itzuli diren arren, gaur egun oraindik mundu osoko iheslari kanpalekurik handienetakoa da Dadaab: 350.000 errefuxiatu baino gehiago daude. MSF Mugarik Gabeko Medikuek Dagahaleyko osasun zentroan iaz egindako inkesta baten arabera, iheslarien %20 baino ez ziren Somaliara itzultzeko prest ageri. Eta, zenbat eta baldintza okerragoetan egon iheslari gunean, orduan eta apalagoa zen beren burua jaioterrira itzultzeko moduan ikusten zutenen kopurua.

2011z gero iritsitakoek, kanpalekuko bazterreko lurrak hartu behar izan baitituzte, baldintza okerragoak dituzte bizitoki, azpiegitura, saneamendu eta ur edangarria eskuratzeko aukerei dagokienez. Jateko nahikorik ez dutela diotenak ere gehiago dira Dadaabera azkenak iritsitakoen artean. Somaliara itzultzeko aukera gutxien horiek ikusten dute.

Oro har, baina, iheslarien bizi baldintzak okertzen joan dira azken urteetan, egoera kasik infernu bihurtzeraino, laguntza urritzen joan den hein berean. Hori guztia errefuxiatuak Somaliara itzularazteko presio gisa har daitekeela salatu zuen iaz MSFk.

Harresi bat muga ixteko

Kenyako Gobernuak hasi ditu dagoeneko Somaliarekin duen700 bat kilometroko mugaldean harresi bat eraikitzeko lanak. Aurtengo otsail amaieran jakinarazi zuen Nairobik basamortuko eremuan muga itxi egingo zuela «eraso terroristei eta legez kanpoko jario migratzaileari» aurre egiteko.

Banaketa hesia eraikitzeko lanak Kenyako Mandera eta Somaliako Bulahawa herrien artean hasi dituzte.

Kenyako agintarien arabera, Dadaaben eta Nairobiko East-leigh auzoan —somaliarrak dira biztanle gehienak— Al-Shabab miliziaren taldeak gordetzen dira, iheslariekin nahasita. Somaliatik iritsitako errefuxiatuak Kenyaren segurtasunerako «arrisku bat» direla nabarmendu zuen Rutok duela urte eta erdi, borondatezko itzulerak hitzartu zituztenean.

NBE, elkarlanerako prest

UNHCR Kenyako agintariekin elkarlanean aritzeko prest agertu da, Dadaaben «legearen inperioa indartzen» eta, talde islamisten balizko sarraldi baten aurrean, «iheslariak, eta baita kenyarrak ere» babesten laguntzeko. Baina kanpalekua desegiteko erabakia berriro aztertzeko eskatu du.

Al-Shababen eta Nairobiren arteko gatazka 2011 amaieran piztu zen, Kenyak eta Etiopiak Somalia inbaditu baitzuten muturreko ideologia sunita duen talde islamistaren matxinada zanpatzeko. 1991tik, Mohamed Siad Barre presidentea agintetik kendu zutenetik, Somalia osoa kontrolatu duen indarrik ez da egon, eta lur eremu zabalak hartu ditu Al-Shababek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.