«Herrialde bakar batek ere ez ditu, gaur-gaurkoz, guk ditugun armak»

Putinek nazioaren egoeraren inguruko hitzaldi hanpatsua egin du hauteskundeen atarian

Vladimir Putin Errusiako presidentea, atzo, nazioaren egoeraren inguruko hitzaldian, Moskun. SERGEI CHIRIKOV / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Errusiako mapa erraldoia atzean zuela, herrialdeko establishment politiko eta sozialaren aurrean, hauteskundeen atarian, bi ordu luzeko hitzaldia egin zuen atzo Vladimir Putinek. Nazioaren egoeraren inguruko hitzaldia martxoaren 18ko presidentetzarako kanpaina ekitaldia bihurtu zuen estatuburuak; berriz irabazteko hamazazpi egun geratzen zaizkionean, orain arteko mugarriak goraipatu zituen, eta, bide batez, datozen sei urteetarako egitasmoak aurreratu. Defentsa, pobreziaren aurkako borroka eta ekonomia. Horiek dira agintariaren hiru lehentasunak, baina, bereziki armagintzaz mintzatu zen, ia ordubetez, armen eta horien ahalmenen inguruko bideo eta infografia deigarriez lagunduta;izan ere, nazioari zuzendu zitzaion, baina baita munduari ere.

«Herrialde bakar batek ere ez ditu, gaur-gaurkoz, guk ditugun armak». Mezua argia zen. Putinek kontinente arteko misil «suntsiezina» aurkeztu zuen, baina baita ezin alderatuzkoa den bestelako armategia ere; jaurtigailu hipersonikoak, laser izpiko armak, urpeko atomikoak, hegazkin estrategikoak...

Xehetasun asko eman zituen, urpeko droneak, esaterako, «topatzen oso zailak diren misil nuklearrak» direla zehaztu zuen, eta kontinente arteko misilak «zoragarriak» direla, «munduko edozein tokira» iristen direla, galaxien gerran ariko balitz bezala, «atmosferako geruza trinkoetatik hegan» egiten dutela eta «suzko bola bat bezala, meteorito baten moduan» egiten dutela aurrera.

Gerra Hotzaren garaian bezala, munduko superpotentzia bat izateko gaitasuna berreskuratu duela, horixe izan zen, beste ezeren gainetik, estatuburuak helarazi nahi izan zuen mezua. AEB Ameriketako Estatu Batuei emandako erantzuna izan zen, euren misilen aurkako ezkutuak «suntsitu ezin dituen» armak dituztela agerian uzteko. Washington ABM misil balistikoen kontrako itunetik atera zenetik, 2002an, bi potentzia militarren arteko arrakala gero eta zabalagoa da. AEBek eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak 1972an sinatu zuten dokumentu horrek misil nuklear balistikoen kontrako defentsa sistemak mugatzen zituen, eta, horri esker, euspen ariketa bat egiten ari ziren biak ala biak. 2010ean armategia murrizteko alde biko itunak ere bide horretan lagundu zuen.

Mosku eta Washington daude arma nuklearrak dituzten herrialdeen zerrendan aurreneko bi lekuetan, eta gerra dialektikoan ari dira azkenaldian bi herrialdetako ordezkariak. Donald Trumpek «bonba guztien ama» bota zuen iazko apirilean Afganistanen. Eta Sirian ere, munduko gerra txiki horretan, euren aliatuak babesten ari dira. Putin Baxar al-Assaden gobernuaren alde lerratu da, eta han bideratutako operazio militarrek defentsa garatzeko balio izan diotela adierazi du agintariak.

Bada, dituen arma guztiak erakutsi ez baditu ere, balizko arerio batentzat «aski izatea» espero duela adierazi zuen, harrokeriaz,estatuburuak. «Arma sistema berriak izan aurretik, inork ez gintuen entzuten. Entzun gaitzazue orain!».

Pobrezia murrizteko hitza

Atzokoa, baina, mitin bat ere izan zen, etxe barrura egindakoa, eta, ustelkeria, zergen igoera eta periferiaren bazterketa aipatu ez bazituen ere, «aurrera egiteko» askatasunen eremua zabaldu egin behar dela adierazi zuen, erakunde demokratikoak sendotuz; tartean, justiziaren egiturak.

Alor sozialak eta ekonomikoak ere hartu zituen hizpide. Putin 2000tik da estatuburu, eta hilaren 18an, laugarren agintaldiari ekingo dio, beste sei urterako. Alde horretatik, pobrezia murrizteko hitza eman zuen atzo; 146 milioi biztanleko herrialdean hogei milioi dira pobrezian bizi direnak, eta kopuru hori erdira murrizteko konpromisoa hartu du. Enplegua sortzeko mekanismo eraginkorragoak ere agindu zituen, gazteei begira bereziki, eta ongizatea maila hobetzeko, hezkuntza eta osasun sistema eraginkorragoak. Bizi itxaropena igotzea izango da haren beste erronka; Kremlinera iritsi zenean, 2000n, 65 urte zen emakumezkoen bizi itxaropena, gizonezkoena 60 urte, eta, gaur egun 73ra iritsi bada ere, datorren hamarkadan 80 iristea da haren asmoa.

Horretarako aukera behintzat izango du; izan ere, inork ez du zalantzan jartzen bozak irabaziko dituenik. Alexei Navalni, haren kritiko nagusia zena, lehiatik kanpo geratu da, eta ez bozkatzeko eskatu die herritarrei. Putin, bada, zazpi aurkari izango ditu, herritarren gehiengoak euren izen-abizenak ez badakite ere. Parte hartzea izango da, beraz, gakoa hauteskundeei zilegitasuna emateko; Legebiltzarrerako 2016ko bozetan %50era ere ez zen iritsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.