Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

Bozetara begira jarri da Venezuela

Presidente karguaren zina eginda, lehen neurriaren berri eman du Nicolas Madurok: Jorge Arreaza presidenteorde izendatzeaHauteskunde Batzorde Nazionalak jarri du hauteskundeetarako data: apirilaren 14a

Samara Velte.
2013ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Nicolas Maduro Venezuelako presidente arduraduna da jada, eta gobernua gidatuko du apirilaren 14ra arte, hauteskundeak egin arte. Hugo Chavez hil eta hiru egunera egin du karguaren zina parlamentuaren aurrean. Hiru koloreko kirol jantziaren ordez traje iluna soinean eta Chavezen konstituzio bolivartarra eskuan, haren agindua betetzea hitzeman du. Zin egiterakoan, gogoan izan ditu, besteak beste, Venezuelako herri indigenen «memoria heroikoa», askatzaile historikoak — «Simon Bolivar haietan handiena»—, haurrak, armada, langileak eta nekazariak. «Hugo Chavezekiko leialtasun erabatekoenaz, zin dagit konstituzio hau betearaziko dugula, aske izateko prest dagoen herri baten zorroztasunez».

Gobernuburu gisa hartutako lehen erabakiaren berri ere eman du berehala: Jorge Arreaza, orain arte Zientzia eta Teknologia ministro izandakoa, presidenteorde izendatzea. Arreaza Chavezen suhia ere bada; presidentea zena gaixorik zegoela, behin baino gehiagotan agertu da jendaurrera haren izenean hitz egitera.

Madurok agerraldi horretan bertan jakinarazi du presidentetzarako hauteskundeetara deitzeko agindu diola Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteari, konstituzioak eskatzen duen moduan. «Guk deia egin diogu hauteskunde aginteari, hark, bere eskuduntzak baliatuz, ebaluatu eta erabaki dezan. Eta bozetara deitzen duen egunean, gu prest egongo gara». Konfiantzaz hitz egin du Madurok: «Herriak erabaki dezala, eta irabazi behar duenak irabaziko du».

Nazioarteko hainbat ordezkari ere bertan ziren, esaterako, Rafael Correa Ekuadorgo presidentea, Jose Socrates Portugalgo presidente ohia eta Fernando Lugo Paraguaikoa. Oposizioko koalizio nagusia den MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia osatzen duten alderdi gutxi batzuetako kideak ere bai; ez, ordea, garrantzitsuenak.

Maduro, presidentegai

Venezuelako Konstituzioak dio presidentea falta den unetik hasi eta hurrengo 30 egunetan kargu horretarako hauteskundeetara deitu behar dela. Berez, presidenteordea ezin da hautagai izan, eta Madurok kargu hori eduki du oraintsu arte. Herenegundik, ordea, presidente arduraduna da, eta Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak zehaztu du baduela aukera presidentetzarako lehiatzeko kargu horri uko egin gabe.

Oposizioak oraindik ez du jakinarazi nor izango den bere hautagaia, baina guztiek Henrique Capriles, Mirandako gobernadorea, dute miran. Iazko urriko hauteskundeetan ere hura lehiatu zen Chavezen aurka, eta oposizioaren eledun aritu da azken hilabeteotan. Maduroren izendapenaren harira, iruzurra salatu du Caprilesek: «Faltsua» dela esan du, presidentea bozetan aukeratzen delako, eta ez dekretu baten bidez. «Badirudi auzitegia dela gaur lan egin duen bakarra», esan du prentsaurrean. «Eta esango duzue: 'Tira, justiziak ez du jaiegunik'. Baina hau eduki politikodun sententzia bat da, iruzur bat».

Maduroren deia jasota, ezohiko bilera egin zuen atzo Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionalak, bozen data erabakitzeko. Antolaketa aldetik, hauteskunde mota sinpleenetakoa izango da, barruti bakarrean egingo delako —estatu osoan—, eta kargu bakarra hautatuko dutelako —presidentea—. Apirilaren 14an izango da hori, eta hauteskunde kanpaina apirilaren 2an hasiko da. Erabakiaren berri izan aurretik, hainbat hedabidek zabaldu zuten gobernuak nahiago zuela apirilaren 13a, Chavezek 2002ko estatu kolpea gainditu zueneko urteurrena delako, baina egun hori larunbata da, eta bozak igandeetan izan ohi dira Venezuelan.

Oposizioaren beldurrak

Urriko bozetan jasotako kolpetik osatu gabe dago oraindik eskuina: ordukoan, alde handiz irabazi zion Chavezek, eta nora ezean ibiltzea aurpegiratzen diote ezkerretik. Karguaren zina egiteko ekitaldian ere hori aipatu du Madurok: «Lehen eskutik dakigu oposizioko sektoreen artean arazo eta tentsio handiak daudela, eta hauteskundeetara ez aurkezteko aukera aztertzen ari direla. Hala ez izatea espero dut».

Ernesto Villegas Komunikazio ministroa ere mintzatu da eskuinaren zatiketaz: «Venezuelan datorrena Chavez eta Chavez gehiago da. Caprilesek chavismoaren aurkako jarrerari eusten dio burugogor, eta badirudi Copei [opopsizioko alderdi kristaua]barruko sektore batek baino ez duela ulertzen bide horrek amildegira daramatzala».

Elias Jaua Atzerri ministroaren arabera, oposizioak beldurra du, badakielako «herritarrak kalean daudela, Chavez bizirik dagoela eta borrokak aurrera jarraitzen duela berretsiz». Horregatik, ez dute atzera egingo: «Konstituzioak dioena egiten ari gara. Hark dioenea onartuko dugu, benetan joko demokratikora jokatu nahi baduzue». Jauaren hitzetan, chavismoaren jarraipena da hauteskundeotan jokoan dagoena: «Herriak erabaki dezala chavismoari eutsiko diogun ala atzera egingo dugun, kolonia izatera, geure burua saltzera, miseriara, bazterkeriara, zapalduak izatera. Hori erabakiko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.