Batasunerako bide hauskorra

CUP A-9rako akordiorako oinarri batean nahasi du Homsek.ERC eta ICV-EUiA, hauteskunde eske

Ara és l'hora-k bete egin zuen Bartzelonako Katalunia plaza igandean, A-9rako kanpainaren ekitaldi nagusian. TONI GARRIGA / EFE.
Xabin Makazaga.
2014ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Katalunian arrakalak itxi eta indar subiranisten batasuna berregiteko saioak egin dituzte, Artur Masek azaroaren 9ko galdeketa alderdiekin hitzartu bezala egitea baztertu —Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuagatik— eta egun bererako kontsulta alternatibo batera deitu zuenetik. A-9a «bermatzeko» izan dira oraingoz hurbiltzeak, baina deialdi berria ez dela berez galdeketa baterakoa argudiatu, eta, bozak aurreratzeko, hiru puntuko agiri bat prestatu zuten atzo ERCk eta ICV-EUiAk, zenbait iturriren arabera. CUP ere bileran izan zen, eta agiria ez zuen itxitzat jo.

CUPekin «akordiorako oinarri tekniko bat» lortu dutela aurreratu zuen atzo Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak—CUPek gezurtatu egin zuen gero—, eta horrek ondoeza eragin du A-9ra bitarte CiUren bidelagun behar luketen alderdietan. Batasuna berregiteko bide hauskorrean beste arrakala bat izan zen. Alde biko bilera askoren ostean, arratsean parlamentuan bildu ziren ERC, ICV-EUiA eta CUP, eta, A-9a «duintzeko» bideak aztertzeaz gain, gobernuaren jarrera gaitzesteko idatzi bat egin zuten.

Ara és l'hora-k, Bartzelonako Katalunia plazan igandean egindako ekitaldian, babesa agertu zion A-9rako deialdi berriari, baina bi baldintza jarri zizkien independentziarako bidea sustatu duten alderdiei eta Artur Masi: alderdi interesen gainetik batasuna berreskuratzea eta herri galdeketaren ostean hauteskunde plebiszitarioak egitea, hiru hilabete igaro baino lehen. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek ez zuten eskatu zerrenda bateraturik kanpainako ekitaldi nagusian.

CUP bihurtu da, hiru diputatu soilekin, alderdi subiranisten batasuna berregiteko giltzetako bat. Alde batetik, CiUrekin harreman estuan jarraitu baitu; eta, bestetik, ERC eta ICV-EUiArekin Masen kontsulta «hobetzeko» proposamen bat hitzartu nahian ari baita, CUPek berak A-9ari begira ezarri zituen 11 baldintzetan oinarritua, gero Kataluniako Gobernuari aurkezteko.

Francesc Homs Generalitateko eledunak atzo esan zuen CUPekin «akordiorako oinarri bat» lortu zutela, A-9rako «batasun teknikoa» berreskuratzeko. Oposizioko alderdi subiranistek galdeketa babestea litzateke xedea, Masen deialdiarekin kritiko izan arren.

CUPek azkar batean gezurtatu zuen, agiri batean, alde biko akordiorik egin izana CiUrekin. Proposamena «ERCrekin koordinatua eta ICV-EUiAri irekia» zela argitu zuen ezkerreko alderdiak. Homsen baieztapenaren aurretik, David Fernandez CUPeko buruzagiak azaldu zuen bloke subiranistako alderdiek beren 11 proposamenetatik zortzi onartuak zituztela eta «gutxieneko akordioa» posible ikusten zuela. Galdeketaren saila sortzea baztertu, eta estatuaren debekuaren aurrean atzera pausorik ez ematekotan eta «herriaren mandatuari erantzunez» debekuaren aurrean desobedientzia aldarrikatzen zuten bi puntuak berridaztekotan geratu bide ziren. Gobernuak ere ontzat jo ditu zortzi puntu horiek.

ERCko eledun Anna Simok atzo jakinarazi zuen alderdi errepublikanoa ICV-EUiA eta CUPekin negoziatzen ari zela «oposiziotik» nola «hobetu» A-9rako kontsulta alternatiboa. Ez onartu arren CiUren estrategia, «prozesu parte hartzailea» bultzatzeko prest azaldu zen Simo. Baina argi utzi zuen, adibide gisa, Generalitateak botoa emateko aurreikusi dituen 700 lokalak eskas direla.

Simonek ez zion atea itxi hauteskunde plebiszitario batzuetan CDCrekin zerrenda bateratu bat osatzeko aukerari, «agindu oso argi bat balego ahalik eta lasterrena independentzia aldarrikatuko lukeen gehiengo parlamentario bat osatzeko». Oriol Junquerasek autonomia eredua amaitutzat jo zuen bezperan.

«Berehala» hauteskundeak

ERCko eta ICVko buruzagitzek bazkari-bilera egin zuten atzo,A-9 berria duintzeko, eta Junquerasi eta Joan Herrerari «ez sinestekoa» iruditu zitzaien Homsen adierazpena, CUPekin ustez eginiko akordiorako oinarriari buruzkoa. Bi buruzagiek esan zuten Masek ahalik eta lasterrena deitu behar lukeela hauteskundeetara.

A-9rako deialdi alternatiboarekin batasuna haustea egotzi zion Junquerasek Masi, eta kontsulta berria babesteko Generalitateak CUPen 11 puntuak onartu behar lituzkeela esan zuen: «Hori baino gutxiago, oso, oso gutxi irudituko litzaiguke gobernuaren aldetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.