Arrotzen munduan, lagun

Nadine Gordimer hil da, 90 urterekin.'Apartheid'-a borrokatu zuen, eta Nobel saria irabazi

mikel lizarralde
2014ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Hiru identitateren karga daramat. Judua naiz, nire gurasoak eta senarra hala zirelako, baina ez naiz herri hautatuaren kide sentitzen. Afrikarra ere banaiz; eta baita zuria ere». Emakume zuria Hego Afrika beltzean. Zurien nagusitasuna indarrez inposatzen zuen sistemaren aurka borrokatzen zen idazle konprometitua.Nadine Gordimerrek (Springs, Hego Afrika, 1923) mundua ulertu nahi izan zuen, ingurukoa lehendabizi eta bestea ondoren, eta horregatik ekin zion idazteari; 9 urterekin. Bizitza eman zuen horretan. Idazten eta borrokan, igandean zendu zen arte, Johannesburgon. 90 urte zituen.

«Ez dut inoiz idatzi idazle afrikar edo emakume naizen aldetik. Eta, hala ere, uste dut neure burua umiltasun guztiarekin afrikartzat sentitzeko eskubidea irabazi dudala. Eta irabazi dut parte hartu dudalako neure jendeak berak inposatzen zuen dominazioaren kontrako borrokan». Gordimerren bizitza eta literatur lana ezin bereiz daitezke Hego Afrikak XX. mendean egin duen bidetik. Jaio zenean, eztabaidaezina zen bere herrialdean zurien nagusitasuna. Indarrez eta odolez inposatua. Eta Gordimerrek bere zuri begiekin ezagutu zuen bidegabekeria hura; ezagutu eta hartaz idatzi ondoren. Begiekin ikusten zuena kontatuz, panfletotik ihesi eta sermoiei uko eginez, naturalismoaren bidez sistema beldurgarri bat irudikatuz. Apartheid-aren aurkako borroka militantzia aktibora mugatuz. «Nire liburuak beti egon dira borroka horretatik aparte, ez baitut propaganda idatzi nahi izan». Horregatik, haren liburuetan apartheid-aren aurkako borrokalari guztiak ez dira aingeruak; ezta kolonizatzaile zuri guztiak deabruak ere. «Nire testuak inoiz ez dira izan sistema arrazistaren kontrako oihu. Hori ekintzekin egin dut».

Gordimer meatzari herri batean jaio zen. Judu europar batzuen alaba zen —ama ingelesa zuen, erdiko maila sozialekoa eta kultua; aita, letoniar bitxigilea—, eta idazle izan baino lehen dantzari izan nahi izan zuen. Bihotzeko gaitz batek, ordea, letretara bideratu zuen. Irakurri egiten zuen oso gaztetatik, eta 9 urterekin idatzi zituen aurreneko ipuinak. Argitaratzeko lehen aukera 15 urterekin iritsi zitzaion, egunkari baten bitartez. Ordurako bazekien kasta bateko kidea zela. Ikasten zuen eskola erlijiosoan neskak zituen ikaskide guztiak; zuriak denak. Asteburuetan sos batzuk ematen zizkioten, eta zinemara joaten zen. Han ere, beltzen arrastorik ez aretora sartzeko ilaretan. «Ezta liburutegian ere. Idazlea izateko irakurri egin behar da, eta nire herrian beltzik ez zen sartzen liburutegian».

Aldaketaren alde

Nerabezaroan ikusi zuen «zerbait ez zihoala ondo», eta 18 urterekin ohartu zen gertuago sentitzen zituela gazte beltzak zuriak baino. Eta horrek eraman zuen sistemaren aurka borrokatzera. Idazle gisa baino gehiago, herritar gisa: «Ez dut uste idazteko talentua izateak gehiago behartzen nauenik. Ardura hori gizakia naizen aldetik izan dut. Ezin naiz ezkutatu lanbidearen atzean, denok dugulako ardura bera».

1949an argitaratu zuen Face to Face lehenengo ipuin bilduma, eta 1953an The Lying Days lehen nobela, kutsu autobiografiko handikoa. 1958an, berriz, lehen aldiz ezagutu zuen zentsura, A World of Strangers eleberria ezin izan baitzuen argitaratu jaioterrian —Hego Afrikara iritsita beltzen komunitatea ezagutuko duen Toby gazte ingelesa zuen protagonista eleberri hark—.

Gordimer beti gelditu zen Hego Afrikan, baita Afrikako Kongresu Nazional erakunde klandestinoan lanean hasi zenean ere. 1962an ezagutu zuen Nelson Mandela gaztea, eta orduan jakin zuen zein izango zen zeregina: segregazionismoaren aurka borrokatzea. Eta, horretarako, buru politikoarentzat hitzaldiak prestatu zituen, etxea utzi zien iheslariei, beltz hegoafrikarren eskubideen bozgorailu bihurtu zen mundu osoan...

The Conservationist (1974), Burger's Daughter (1979), A Soldier's Embrace (1980) eta beste hainbat lani esker, Gordimerren prestigioa haziz joan zen mundu osoan, eta 1991n Nobel saria jaso zuen. Segitu zuen, baina, bere herritarrenganako kontzientzia izaten, baita munduko beste inguru batzuei begiratzen ere.

Nadine Gordimerren lanik ez dago euskaraz argitaratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.