Kolonbia. Bake prozesua. Imelda Daza. Bake Ahotsak mugimendu politikoko eleduna

«Genozidio politikoa sustatzen ari dira orain ere Kolonbian»

Konstituzionalak hartu berri duen erabakiaz kezkatuta dago Daza: «Prozesua zapuzteko modu dotorea izan da. Epaileek ezin dute kolpe batez ezabatu bost urteko negoziazioa». Santosen eskuetan dela dio.

RICARDO MALDONADO / EFE.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2017ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Erbesteratu behar izan duten kolonbiarren zerrenda luzean idatzita dago Imelda Dazaren izena (Valledupar, Kolonbia, 1948). Batasun Patriotikoa alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, eta, alderdikideen heriotza zela kausa, lagunek erabaki bat harrarazi zioten. «Bezperan, gaueko hamaiketan, azken mehatxua egin zidaten telefonoz: 'Komunista nazkagarria, heldu zaizu azkena; zure bila goaz!'». Eraikin baten atzealdeko irteeratik ihes egin zuen, baina biharamuna krudelagoa izan zen. «1988ko ekainaren 21a zen. El Dorado aireportuan, gure alabatxoari azkenengo aldiz eman nion bularra. Eta ordu erdi geroago, birrinduta, hegazkinera sartu nintzen, bakarrik. Han utzi nuen sei hilabeteko alabatxoa, eta bi semeak, eta senarra. Urte asko pasatu dira trantze horri buruz hitz egiteko gai izan naizen arte. Penak hilko ninduela uste nuen».

Limara eraman zuen hegaldi hark, baina Peruko egoera ez zen oso desberdina politikari ezkertiarrentzat, eta, azkenik, asilo politikoa lortu zuen Suedian. Jonkopingen eman ditu 26 urte, familia elkartuta berriz, eta irakaskuntzan eta politikagintzan aritu da han ere, harik eta duela hiru urte jaioterrira itzuli zen arte. Bake Ahotsak mugimenduko bozeramailea da egun.

Sei hilabete dira bake akordioa sinatu zela. Auzitegi Konstituzionalak hartu berri duen neurriaren arriskuaz ohartarazi duzu. Zergatik?

Prozesua zapuzteko modu dotorea izan da. Epaileek ezin dute kolpe batez ezabatu bost urteko negoziazioa. Hitzartutakoaren gainean esku hartzeko bidea zabaldu dute, proiektuak banan-banan, artikuluz artikulu bozkatzeko, eta, hartara, eraldaketak egiteko. Horrela inoiz ez dugu arautuko akordioa. Erabakia kolpe gogor bat izan da itunarentzat, eta prozesua bideratzeko eskatu diogu presidenteari. Juan Manuel Santosen eskuetan dago ituna ezarraraztea, legeak horretarako ahalmena ematen baitio.

Heldu den astean utzi beharko lituzkete armak gerrillariek. Beteko al da epea?

Uste dugu berriz ere programatu behar dela armen entrega, eta horrela jakinarazi diogu presidenteari. Gobernuak ez ditu bete epeak, eta oraindik airean dago gerrillarien segurtasun juridikoa eta pertsonala.

FARCeko gerrillarien desmobilizazio eremuetan izan zara. Zer ikusi duzu han?

Gerrillariek ez zuten ezer aurkitu prest beharko luketen eremu gehienetan, ezta jatekorik ere. Lotarako lekuak ere haiek egin dituzte. FARCekoak garaiz bildu dira adostutako guneetara, beti bete dutelako hitzartutakoa. Gobernuak, aldiz, ez du bete konpromisoa, eremu horietan ez baitzegoen agindutako azpiegitura.

Zein da bake prozesuarentzat arriskurik handiena gaur egun?

Sustatzen ari diren genozidio politikoa, zalantzarik gabe. Dozenaka lider sozial eta nekazari hil dituzte aurten. Egoerak guk iraganean bizi izan genuenaren antza handiegia du. Batasun Patriotikoaren aurkako genozidioa bultzatu zuten berberak sustatzen ari dira oraingo genozidioa; eskuin muturra... Politikariak daude tartean, eta militarrak ere bai. Paramilitarismoa bizirik dago.

Politikariak aipatu dituzu.

Jakina! Zentro Demokratikokoak. Irainka hartzen gaituzte; «terrorista, gerrillari, bahitzaile...». Denetarik deitzen digute. Badakite gezurra dela, baina badakite, halaber, kongresuko saioak zuzenean ematen dituztela telebistaz.

Abendutik duzue ordezkaritza Kongresuan. Voces de Paz Bake Ahotsakeko sei kideak herri mugimenduetatik zatozte. Zein da zuen eginkizuna?

Lehendabizi kongresuko jarduna zaintzea, bake akordioaren inplementaziorako neurri politikoak ikuskatzea; bake prozesua arautzeko onartzen diren legeek gobernuak eta FARCek adostutakoa bete dezaten. Ez diezaioten ezer kendu, erantsi edo aldatu. Horregatik gaude arduratuta azken neurriarekin. Dena den, guk ahotsa daukagu, baina ez botoa.

FARCen ordezkariak zaretela esaten da.

Bakearen etsaiek FARCeko ordezkariak garela diote, baina hori gezurra da. Guk FARCekin konpartitzen duguna da bake prozesua garatzeko asmo irmoa; sinatutako bake akordioaren defentsan ari gara gu. FARC alderdi politiko bilakatu dadin bidea prestatzea da gure bigarren zeregina. Horretarako herrialdea zeharkatzen ari gara, azalduz FARCekoak berriz kalera etortzekoak direla eta armak utziko dituztela politikan hasteko.

50 milioi biztanle dituen herri batean aipatzen duzun moduko pedagogia lana egiteak ez dirudi oso planteamendu errealista.

Ezinezkoa da denera iristea. Ni asteartetik ostegunera izaten naiz hemen [Bogotan]. Asteburuan, berriz, Karibe inguruko departamenturen batera joaten naiz zabalkundea egin eta aliatuak bilatzera. Pospolo lanean ari gara seiok, herrialdean barrena han-hemenka taldetxoak piztuz.

Hogeita sei urte eman dituzu Suitzan. Nola bizi izan duzu bake akordioa? Nola bizi izan duzu FARCen bilakaera?

Gaur egun ikuspuntu askotan bat nator beraiekin, nik neuk aspaldi galdu bainuen fedea borroka armatuan. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan gizarte berri bat eraikitzea gerraren gainean, gorrotoaren eta herraren gainean.

80ko hamarkadan, zuek sarraskitzen ari zirenean, hori pentsatzen al zenuen?

Ricardo Palmera alderdikide eta lagun minak, oker nengoela esaten zidan. Bera sasira joan zen. Ni ez nentorren bat bere erabakiarekin. Baina errespetatu egin nuen.

[Ricardo Palmera, Simon Trinidad gerra izenez, Alvaro Uriberen agintaldian estraditatu zuten AEBetara. 60 urteko sententzia betetzen ari da segurtasun handiko kartzela batean, Coloradon. Sei urte daramatza bakartuta].

Nolatan politikara itzuli?

Batasun Patriotikoko biktimen omenezko ekitaldi bat antolatzen laguntzera etorri nintzen 2014an. Departamentuko hauteskundeak zetozen eta aurkez nedin eskatu zidaten. Ezetz esan nien. Gerora, baina, 80ko hamarkadan erail zituzten alderdikideen seme-alabekin elkartu eta hautagai izateko konbentzitu ninduten. Banekien ez genuela garaipenerako aukerarik, baina galtzekorik ere ez genuen ezer; dena irabazia.

Zer irabazi zenuten?

Ahotsa. 30 urte lehenago kendu zigutena. Hiru hamarkadatan gurean ezinezkoa izan da eliteen aurkako mezurik entzutea.

Beldurrik ez al duzu izan?

Ez dut izan, iazko maiatzera arte. Bake akordioaren aldeko pedagogia nola egin erabakitzeko bilduta geundela, bost sikariok tirokatu egin gintuzten. Oraindik ez dituzte denak harrapatu. Lapurreta saiakera izan zela dio bertsio ofizialak. Onik atera ginen han geunden hemezortzi lagunak. Hasieran ez nuen pentsatu ni nintzenik helburua, baina gobernuaren erreakzioagatik, pentsatu nuen akaso baietz, akaso neu nindutela jomugan. Ministroak eta poliziak deika neuzkan orduro zer behar nuen galdezka, presidenteak berak ere hots egin zidan.

Zer esan zizun Santosek?

Atsekabe itzela eragiten ziola ni bezalako emakume batek horrelako basakeria sufritu izanak.

Sinesten al diozu?

[Pentsakor geratu da. Daza bost bizkartzainez lagunduta eta blindatutako auto batean joan ohi da batetik bestera]. Bai. Uste dut atsekabea hartu zuela… Ez baitzitzaion horrelakorik komeni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.