Ekialde Hurbila. Siria eta Irak. Monica G. Prieto eta Javier Espinosa. Kazetariak

«Irakiarrak beren tribuan babesten dira hil, atxilotu edo bahitu ez ditzaten»

«Irakek eta Siriak utzia diote estatu bateratu izateari», Espinosaren ustez. Prietok azaldu duenez, AEBen Irakeko inbasioak (2003) eragin du gaur egungo egoera, «baita Irakeko Estatu Islamikoa sortzea ere».

Prieto eta Espinosa (biak erdian), liburuaren aurkezpenean, saioaren gidariarekin eta itzultzaile irakiarrarekin. DANIEL RIVAS.
Madril
2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Monica G. Prietok(Badajoz, Espainia, 1974) erabakitasunez eta amorruz aipatzen du zerk eta nork eragin duen Irakeko kaosa; alboan du Javier Espinosa (Malaga, Espainia, 1964), eta hark ere baietz dio buruaz. Txosten jakin batetik aterea dirudi kronologia horretako puntu bakoitzak: nola sortu infernu bat. Prietori min egiten dio. Bere zaurian zirika, are mingarriagoa zaio ikusirik galdua dela berak miretsi eta maite zuen mundu haren zati bat. Madrilen aurkeztu berri dute La semilla del odio. De la invasión de Irak al surgimiento del ISIS (Gorrotoaren hazia. Irakeko inbasiotik EIren sorrerara), eta liburua idatzi ostean geratu zaien zalantza bakarrarekin amaitu du Espinosak Prietoren argudiabidea: «Ez dakigu erantzuten ea nahita eragindakoa ala hutsegite bat izan zen Irakeko kaosa».

Duela urtebete, beste liburu bat argitaratu zenuten: Siria, el país de las almas rotas (Siria, arima hautsien herrialdea). Ezinbestean azaldu behar al da zer gertatu zen Iraken auzoko herrialdearen errealitatea ulertzeko?

JAVIER ESPINOSA: Legez kanpoko inbasioak Pandoraren kutxa beldurgarri bat ireki zuen, eta sektarismoa sustatu; eta, batez ere, zigorgabetasun printzipioa. Azoreetako hirukoteak [George Bush, Tony Blair eta Jose M. Aznar], berriz, ideia hau bultzatu zuen: boteretsua bazara, edozer egin ahal duzu, baita herrialde bat suntsitu eta ehunka mila pertsona hil ere. Eta Estatu Islamikoak teoria horixe darabil aitzakiatzat.

MONICA G. PRIETO: Saddam Hussein boterean zela, sekula ez zen izan estremismoaren itzalik Iraken —ez Al-Qaeda eta ez EI—, eta Teheranek ere ez zuen Irakeko tiranoa kenduz geroztik eskuratua duen lurralde kontrol handi hori, zeinak balio izan baitio bere muga sektarioak zabaltzeko Siriara, Irakera eta Yemenera.

Gaur egun, AEBek Siriako Indar Demokratikoak babesten dituzte (kurduak eta arabiarrak). Bestalde, Damaskok bat egiten du Irango Guardia Iraultzailearekin. Beldur al zarete halako jokaleku batek Iranen kontrako gerra bat ekarriko duen zuzenean?

J. E.: Baliteke, baina uste dutAEBak gain behera etortzen hasiak direla munduko superpotentzia eta buruzagi gisa. Iranen kontrako gerra bat desafio handiegia da, horrek eskualde gerra bat ere ekarriko bailuke, eta hondamenezko ondorioak eragingo lituzke Saudi Arabian eta Israelen —eskualdeko bere bi aliatuen eremuan—, baita kataklismo bat sortu ere munduko ekonomian.

M. G. P.: Nolanahi ere, kontuan hartu behar da Iranek gaur egun duen eragina Iraken inbasioari zor zaiola, zeinak botere ia absolutua eman baitzien fakzio xiita irakiarrei, nahiz eta haien buruzagi eta miliziak Iranek prestatuak eta finantzatuak ziren. Gaur egun, estatubatuarrek Ekialde Hurbilean baliaturiko estrategiaren oinordekoa da Iran.

Sirian, aurrera egiten ari da EI Estatu Islamikoaren kontrako gerra, Raqqan; eta Iraken, Mosul hartu berri dute. EI garaitzen badute, antzeko beste talderik sortuko al da?

M. G. P.: Lurraldea galduagatik, ideiak ez du zertan desagertu. Daex [EIren akronimoa, arabieraz] marka bat da, Al-Qaeda bezala, eta izena alda dezake, baina ezin hil da, ez baitago ordeztuko duen ideia alternatiborik.

J. E.: Funtsa ez da galduko, herri arabiarrak urteetan umiliatu izana baitu oinarrian, Mendebaldeak sustaturik: diktadurak babestu zituen, eta bi neurri eskandaluzko baliatu, demokraziak eta giza eskubideak aldezten genituela esanez. Aldi berean, baina, Israeli utzi egin genion NBEren edozein ebazpen zapal zezan, eta Saudi Arabiari, berriz, bere ideologia erradikala zabal zezan; besterik gabe, aliatuak genituelako.

AEBek asmo bat izan zuten hasieratik, ezta? Alegia, hiru eskualdetan zatitzea Irak: kurduak, xiitak eta sunitak.

M. G. P.: Ez dut uste inolako egitasmorik zegoenik inbasioaren ostean. Eta horrexetan datza, hain zuzen, sortu zen desgobernua:arpilatzeak ekarri zituen, kriminalitate handiagoa eta matxinada, baita, azken batean, Irakeko Estatu Islamikoa sortzea ere.

Irakeko Kurdistan autonomoak iragarri du erreferendum bat egingo duela irailaren 25ean.

J. E.: Hainbeste sufritu dute kurduek, eta hain herri zapaldua izan dira, herrialde bat galdegiteko eskubidea baitute. Bagdadek ezin du ezer egin; duela hainbat urtetatik, ez du inolako eraginik lurralde horretan, estatu gisa lan egiten baitu de facto. Gogoan dut, esaterako, bisitan joaten nintzenean nire itzultzaileak eta txofer irakiar-arabiarrak baimena behar izaten zutela Kurdistaner sartzeko. Nik, berriz, nahikoa nuen pasaportea erakustea.

Oraintxe bertan, zer iritzi dute irakiarrek: herrialde jakin batekoak direla, ala adar erlijioso edo sekta batekoak direla?

J. E.: Irakiar hutsak zireneko garaien minez bizi dira irakiarrak. Gaur egun, beren tribuan babestu beharra dute, beren sektan, beste tribu edo sektetakoek hil, atxilotu edo bahitu ez ditzaten. Irakek eta Siriak utzia diote estatu bateratu izateari.

Siriari buruzko lehenbiziko liburuan kontatua duzue EIkoek nola bahitu zuten Javier Espinosa; hor azaldu duzuenez, europarrak ziren milizianorik krudelenak. Gainerako borrokalariek mespretxuz begiratzen zieten. Zergatik zegoen halako aldea?

M. G. P.: Ez dut uste bereizterik dagoenik nazionalitate, erlijio eta arrazen artean. Daex banderaren atzean ezkutaturik daude, besteak beste, hainbat psikopata, erresumindu, joera kriminaleko hainbat eta gizartean egokitzeko arazoak dituzten beste hainbat: alegia, mundu osoko egokitugabeak, sigla horiek aitzakiatzat darabiltzatenak beren joera oldarkorrei bide emateko.

Liburu bietan ageri dira muturreko testuinguruak erradikal bihurrarazitako jendearen adibideak. Armak izan al zituzten bide bakar?

J. E.: Inguruabar askotan, borroka armatua da erantzun logikoa. Kontua da, ordea, manipulatzeko oso erraza izan daitekeela mendeku eta gorroto gosea duen norbait. Horixe gertatu zen Iraken eta Sirian. EIk abagunea baliatu zuen bere agenda sustatzeko, zeinak ez baitzuen ikusteko handirik hango herritarrei laguntzearekin. Boterea baino ez zuten nahi.

Duela hilabete batzuk, berriemaile lanetan aritzera aldatu zineten Asiara. Bahiketak hartaraturik alde egin al zenuten Ekialde Hurbiletik?

J. E.: Aspaldidanik gogoko nuen proiektu bat zen Asia. Gertatu denak ez die inola ere eragin arabiarrekin ditugun harremanei. Hain zuzen ere, han bizi izan ginen hamabi urteetan lagundu ziguten itzultzaile eta txofer guztiei eskaini diegu gure azkeneko liburua. Familiakotzat dauzkagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.