AEBetako hauteskundeak. Elkarrizketa. Robert Y. Shapiro. Politika Zientzietan doktorea

«Presidente baten gisa hasiko da portatzen Trump aurrerantzean»

Zergak murrizteaz eta Obamaren osasun erreforma bertan behera uzteaz gain, Shapirok ohartarazi du Trumpen politikak ezin direla aurreikusi. «Donald Trump, zerbait bada, ezin aurreikusizkoa da».

Adrian Garcia.
2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Telebistaz kasu egin dio du hauteskunde gauari Robert Y. Shapirok (New Jersey, AEBak, 1953). Inkesta gehienek eta beste hainbat analistek bezala, ez zuen inondik inora espero Donald Trump gailentzea, eta, hark estatuak bereganatu ahala, «txundituta» geratu da etxeko sofan, azkenean telebista itzali arte. Columbia Unibertsitateko Politika Zientzietako doktore eta irakaslea da Saphiro. Hauteskunde gauaren biharamunean, telefonoz erantzun die BERRIAren galderei.

Nola azal daiteke Trumpen garaipena?

Trumpek irabazi du, boto-emaile zuriak mobilizatzeko gaitasuna izan duelako. Batez ere, hezkuntza txikiagoa jaso duten langile zuriek bozkatu dute haren alde. Demokraten alde bozkatu dute gehienbat gutxiengo etnikoek, latinoek, asiar-amerikarrek eta 30 urtez arteko boto-emaileek. Errepublikanoak saiatu dira talde horiek erakartzen, baina batez ere zurien babesari esker irabazi dute.

Nolatan lortu dute errepublikanoek langile mugimenduaren babesa? Demokraten arabera, inoiz baino ezkertiarragoa zen haien programa.

Demokraten liberalismoaren aurkako haserreak eta AEBetako ekonomia auziek zerikusi handia dute. Trumpek diskurtsoetan merkataritza askearen aurka egin du, eta azpimarratu nahi izan du langileen lanpostuak babestuko dituela.

Horrez gainera, Hillary Clintonek ez ditu mobilizatu gutxiengoak; ez, behintzat, espero zitekeen moduan.

Bai. Latinoek bozkatu dute kopuru handietan, baina beltzek ez. Era berean, Trumpek Mitt Romneyk [orain lau urteko errepublikanoen hautagaiak] talde horietan lortu zuen babesari eutsi dio. Toki batzuetan, emaitza hobeak izan ditu.

Halere, Floridako 29 ordezkariak eskuratu ditu Trumpek.

Bai, baina zuri asko ere bizi dira Floridan. Gainera, Floridako latino asko amerikar-kubatarrak dira, eta, horien artean, txikia da demokratei bozkatzeko joera.

Clinton ez da Obama, baina, hala eta guztiz ere, Trumpen gisako arerioaren aurka zergatik ez du lortu beltzak mobilizatzea?

Barack Obama oso ongi motibatzen dakien liderra da, baina Clintonek ez du jakin haren ondoan jartzen, lehen presidente beltzaren irudi hori erabiltzen. Ibilbide luzea du politikan, eta jendeak ez du askotan ongi baloratu aurretik egindako lana. Kanpainan ez ditu garbi azaldu mezu elektronikoen afera, Wall Streetetik dirua jaso izana hitzaldiak emateagatik, eta boteretsuek ere egin izan dizkioten ekarpenak.

Harrigarria da, halaber, emakume zuri gehienek haren alde bozkatzea, kanpainan emakumeen aurka agertu duen jarrera ikusita.

Honela ikusten dut: boto-emaile horiek nahiago izan dute misogino bati eman botoa, itxura guztien arabera ustel jokatzeko aukera izan dezakeen emakume bati baino.

Hillary Clinton da, orduan, Donald Trump garaile ateratzearen arrazoi nagusia?

Hein handi batean, bai. Esango nuke jende askok ez duela egin gogoz Trumpen alde, baizik eta Clintonen aurka egiteko.

Etxe Zuriaz gain, errepublikanoek Senatua eta Ordezkarien Ganbera kontrolatuko dituzte. Horrek esan nahi al du inongo oposiziorik gabe jardungo duela Trumpek, lehen bi urtean gutxienez?

Ordezkarien Ganberan eta Senatuan legeak onar ditzake, ordezkari errepublikanoen artean ere adostasuna badago, noski. Litekeena da gai batzuetan ez ados jartzea, esate baterako, immigrazioan, merkataritzan, ingurumenean, haurren babesean... Beste gai askotan, halere, jarriko dira ados: zergak murrizten, gobernuaren pisua txikitzen, arauak kentzen, Auzitegi Gorenean kontserbadore bat izendatzen, eta Affordable Care Act [Obamaren osasun sistemaren erreforma] bertan behera uzten.

Borroka handia izan da Alderdi Errepublikanoan. Kide nabarmenek babesa kendu diote Trumpi. Garaipena nahikoa izango al da zauriak ixteko?

Uste dut Alderdi Errepublikanoa Trumpen inguruan bilduko dela. Garaipenak errazagoa egingo du hori. Kontuan hartu nagusi direla Senatuan, Ordezkarien Ganberan, eta presidente errepublikano bat dutela. Ez badira adiskidetzen, irabazi duten abantaila hori gal dezakete.

Kanpaina oso bortitza egin du Trumpek. Zure ustez, zer-nolako jarrera izango du presidente gisa?

Trumpen jarrerari dagokionez, atzo gaueko hitzaldia argigarria da: orain arteko jarrera aldatuko du, eta presidente baten gisa hasiko da portatzen aurrerantzean. Gobernatu egin behar du orain, eta ez du zentzurik kanpainako jarrerari eustea. Lortu du nahi zuena.

Asko aldatuko al dira AEBak Trumpen agintepean? Kanpainan mezu kontraesanezkoak zabaldu ditu Trumpek. Zer espero daiteke haren agintaldiaz?

Haren politikak ezin dira aurreikusi. Ikusiko dugu.

Atzerri politikari dagokionez,kanpainan iragarri du ez duela munduko presidentea izan nahi. Aldaketa nabarmena espero al daiteke?

Ez dakit. Donald Trump, zerbait bada, ezin aurreikusizkoa da.

Musulmanei AEBetarakosarrera debekatu, baimenik ez duten 11 milioi etorkin kanporatu... Zaila dirudi kanpainan esandako gauza asko bete ahal izatea.

Desberdintasun handia dago promesa horiek kanpaina garaian egitearen, eta behin presidente izendatu zaituztenean egitearen artean.

Zein alde dago demokraten eta errepublikanoen artean? Askotan alderatu dira demokratak ezkerrarekin, eta errepublikanoak eskuinarekin, baina kanpaina honetan bi hautagaiak kontserbadoretzat jo dituzte ezkerreko sektoreek.

1960ko hamarkadako kexua da hori, errepublikanoen eta demokraten artean ez zegoela alde handirik. Baina, egun, politika askotan desadostasun handiak dituzte: ongizate politikan,zergen banaketan, merkatuaren arautzean, abortuan, homosexualen eskubideetan, armen kontrolean, heriotza zigorrean, nekazaritza politiketan, marihuanaren legeztatzean... Beste asko daude ere. Hauteskunde hautetako bataren zein bestearen programak alderatuz gero, alde izugarria dago. Demokraten programa inoiz baino ezkertiarragoa da, Bernie Sanders senatariaren eraginagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.