Carles Sigales. UOCeko Irakaskuntzarako errektoreordea

«'On line' proiektuan sinetsi behar da, eta lehentasuna eman»

UEUk gonbidatuta, Donostian izan da Sigales, UOC Universitat Oberta de Catalunyaren esperientzia azaltzeko. 1995. urtean jarri zuten martxan 'on line' bidezko unibertsitatea: erreferentea da munduan.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Euskarazko on line unibertsitate bat sortzea proposatu du UEU Udako Euskal Unibertsitateak. UOC Universitat Oberta de Catalunya du erreferentzia, 1995. urtean hasi baitzen martxan, modu guztiz digitalean, Internet batere zabaldurik ez zegoen garaian. Emaitza nabarmenak lortu ditu ordutik: egun, ia 50.000 ikasle ditu, 3.700dik gora irakasle, 68.400dik gora graduatu eta 200.000 lagun inguruko komunitatea —ikasleak, ikasle ohiak, irakasleak, langileak...—.

Euskarazko on line eskaintzaren egoeraz eta erronkez jardun zuten atzo Koldo Mitxelena kulturunean; tartean, Carles Sigales (Prat del Llobregat, Herrialde Katalanak, 1958) aritu zen hizlari, UOCeko Ikaskuntzarako eta Irakaskuntzarako errektoreordea.

Intuizio onak azaldu dezake UOCen sorrera?

Bazegoen unibertsitate ireki bat, UNED [Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionala]. Katalan hiztunen biztanleria oso garrantzitsu bat bazela esan genion, eta eskatu genion plantea zezala, gutxienez, zenbait titulazio katalanez eskaintzea. Ideia, beraz, horrekin hitzarmen bat egitea zen. Baina ezetz esan zuen.

Nork eta nola hartu zuen, orduan, UOC egiteko ardura?

Kataluniako Gobernuak beharrizan gisa planteatu zuen, baina baita eskubide gisa ere, eta, beraz,ebatzi zuen unibertsitate ireki propioa sortu behar zuela Orduan, inork ez zuen imajinatzen unibertsitate ireki bat egitea Kataluniarako soilik, katalanez soilik izango zena... Aldaketa sakonena proiektua Gabriel Ferrateri eskaini izanak ekarri zuen.

Zergatik?

Oso berezia da, jenio bat. Bi baldintza jarri zituen. Batetik, unibertsitate sistema arin eta malgua nahi zuen: ez zuen nahi sistema zurrun bat, abiatu eta bost urtera aldatzeko aukerarik izango ez zuena. Bestetik, digitala izatea nahi zuen. Jendea txundituta utzi zuen.

Eta bete-betean asmatu zuen.

1995ean, jendeak, oro har, ez zeukan Interneterako sarbiderik, eta gehienek ez zekiten zer zen ere. Beraz, oso arriskutsua zen Ferraten proposamena. Oso urte gutxiren buruan, Internetek eztanda egin zuen, hedatu egin zen, eta, urte batzuk geroago, datuak transmititzeko gaitasuna izugarri hazi zen. Internetekin sortu izanak gure DNA markatu du betiko.

UEUk Euskal Herrian jarri nahi du on line unibertsitatea. Zer behar da horretarako?

Lehenik, proiektuan sinetsi behar da. Badirudi agerikoa dela, baina ez da. Proiektu hori egin nahi bada Euskal Herriarentzat, euskaraz, norbaitek konturatu beharko du hori beharrizan bat dela eta lehentasuna eman behar zaiola. Bigarrenik, motor bat behar da. Inguruko unibertsitateekin lankidetzan aritu behar du horrelako proiektu batek: bestela, disfuntzio eta errezelo ugari sor daitezke. Baina beharrezkoa da motor bat egotea, lehentasunak markatzeko, gauzak nola egin erabakitzeko, oinarriak jartzeko... Ezinbestekoa da.

1995etik, irakaskuntzan jardun duzue, baina UOC bera aldatuz, garatuz joan behar izan duzue.

UOC guztiz puntakoa eta berritzailea zen 1995ean. Egun, atoian joatea da arriskua. Badaude beste ekinbide batzuk, unibertsitatetik kanpokoak, Internet erabiltzen dutenak ikaskuntzarako. Oso adi ibili behar dugu: unibertsitate presentzialak ez dira gure lehiakideak, baina beste horiek, bai. Eguneratuta eta beti urrats bat aurretik egotea da gure helburua.

Nabarmentzeko modukoak dira UOCen dimentsioak.

Askok galdetuko dute ea UOCek zein interes eta zein behar duen hazteko. On line unibertsitate batek eskalako ekonomien logikarekin funtzionatzen du, hein batean. Esaterako: unibertsitate presentzial batek master bat martxan jartzeko, kontuan izan behar duen bakarra da irakasleak eta masterraren zuzendaria identifikatuta izan behar dituela. Gutxi gorabehera, nola gauzatuko duen pentsatuta izango du, baina, jendea ez bada matrikulatzen, ez da irekitzen, eta kito.

Guk, ikaslerik izango ote dugun edo ez jakiten dugunerako, ikasturte guztia garatua izan behar dugu. Beraz, ondo igarri behar dugu zer eskatuko duten ikasle potentzialek. Bestela, hondagarria izan daiteke.

Zein da gradu bat abiatzeko gutxieneko ikasle kopurua?

Gradu bat bideragarria izateko, gutxienez 200 ikaslek eman behar dute izena. Masterren kasuan, 100 inguruan dago langa. Horrek behartzen gaitu eskaintza ikasleen nahietara oso bideratuta egotera. Horregatik, katalanaz gain, ikasketak beste hizkuntza batzuetan ere eskaini behar ditugu, ikasle gehiago lortzeko.

Zein profil dute UOCeko ikasleek?

35 urte inguru, ziurrenik emakumea, baina nahiko pareko gabiltzan horretan: %55-%45. Landuna da, familia ere badu, eta unibertsitatea ezagutzen du aurrez.

Edozer irakats daiteke on line?

Ikasgela presentzial batean egin daitekeen guztia egin daiteke, egun, on line. Beste kontu bat da Medikuntza ikasten ari den batek praktikak egin behar baditu ebakuntza gela batean. Egun, behintzat, ezin duzu on line egin, baina ezta ikasgela arrunt batean ere: dagokizun ospitalera joan behar duzu. Badaude zenbait praktika in situ egin behar direnak, eta hori ere egiten dute gure ikasleek. Baina, gainera, badira praktikak egiteko zenbait sistema, etengabe garatzen ari direnak, praktikak on line egiteko, inguru simulatuetan.

Zeintzuk dira abantailak?

Bi, eztabaidaezinak. Batetik, espazioan eta denboran irakaslearekin topo egin behar ez izatea. Bestetik, ikasleak erakarri nahi ditugu eskaintzen dieguna interesatzen zaielako. Gure metodologia oso aktiboa da, oso eraginkorra ikasleentzat.

Desabantailarik?

Gurean ez dute tokirik bizitza beste pertsona batek antolatzea behar duten ikasleek, obligazio oso zehatzak izan ezean betetzen ez dituztenek. Uzten dutenek autodiziplina handia eskatzen dielako uzten dute.

Nola finantzatzen da horrelako unibertsitate bat?

Aurrekontuaren %25 inguru dira laguntza publikoak. Gainontzekoa matrikuletatik eta bestelako diru sarreretatik dator. Horregatik, ikasle asko izatea beharrezkoa dugu; gure prezioak publikoak dira, gobernuak ezarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.