Karmelo Bizkarra. Medikua

«Ez da medikuntzaren kontra joatea; kolore gehiago gehitzea da»

ASYMI elkartea antolatu berri duten profesionalen taldekoa da; osasun zerbitzuak era osoan ardaztea nahi dute, medikuntza konbentzionalak darabiltzan lan ildoak sarri askotan meharregiak izan ohi direla iritzita.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2016ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Osasunaren eta Medikuntza Integratzailearen Elkartea: ASYMI. Berriki eratu dute osasunaren arloko hainbat profesionalek, eta ezagutarazteko ahaleginetan ari dira egun. Medikuntza konbentzionalak eskaintzen dituen baliabideez harago, beste hainbat badirela defendatzen dute, eta aintzat hartu behar direla. Karmelo Bizkarra osagilea (Durango, Bizkaia, 1956) ildo horretan ari den profesional ezagunenetariko bat da, eta mugak gainditzeko gogoz elkartu direla azaldu du: «Ez da medikuntza bakarrik, osasuna da, eta osasunaren autogestioa; pertsonaren izaera osoa lantzeko, ez bakarrik fisikoa. Emozioak eta pentsamenduak ere bai».

Ikuskera horren defentsan ari zarete, iruditzen zaizuelako medikuntza konbentzional deitzen den horrek ematen duen zerbitzua ez dela aski, ezta?

Ez da nahikoa. Ikerketak egiten dira gaixotasunen kontra: gaixotasunak diagnostikatu eta horien kontra egiteko. Ikuspegiak, ordea, izan behar du osasuna nola lortu eta nola berpiztu edo errekuperatu. Pazientea esaten zaio askotan gaixoari; baina zain geratu beharrean, gaixoa eragile nola izan daitekeen ikusi behar da. Gaixoa eragile bihurtzea da helburua. Eta ezagutzea; elikadura aldetik, esaterako. Edo kirolak osasunarentzako zer emaitza positibo ekar ditzakeen jakiteko... Baina ez gaixotasun fisikoentzat bakarrik; buruarentzat ere bai. Azkenean, gorputza eta burua lotuta daude, eta gaixotasunekin askotan kanporatzen dugu hitzekin esaten ez duguna.

Eta nola uztartu hori guztia aintzat hartzen duten ikuskerak eta medikuntza konbentzionala?

Niretzat, kontua ez da bakarrik gaixotasunen kontra joatea, baizik eta osasuna lantzea eta jendeari zabaltzea. Niretzat, osasuna egun ez da lantzen; ez da ikertzen. Hedabideetan ere, esaterako, gutxitan lantzen da jendeak zer egin dezakeen bere osasuna lantzeko. Ni bizkaitarra naiz; han osatu eta osotu hitzak antzekoak dira, eta osatzea da sendatzea. Baina, niretzat, osatzeko, osotu egin behar gara; zerbait falta zaigu gure bizitzan, eta hori landu egin behar da; buru aldetik, sentimendu aldetik edo dena delakoaren aldetik.

Eta medikuntza konbentzionalean zenbateraino ikusten duzue onetsita ikuskera hori?

Ikusten dut gero eta mediku gehiago daudela horrelako ikuskerekin. Itxita daudenek ez dute ezagutzen egiten dugun lana. Nik beti esaten dut ni mediku-medikua naizela. Askotan Zuhaizpe osasun zentrora [Arizaletan, Nafarroan, berak zuzentzen du] jendea datorrenean galdetzen didate: 'Eta zu medikua zara?' Eta nik esaten diet: 'Bai'. Eta badakit bigarren galdera izaten dela: 'Mediku-medikua?' Eta nik esaten diet: 'Bai, bai'. Eta, tira, goiko mailetan ez dira gauzak gehiegi mugitzen. Baina aurten lortu dugu nolabaiteko aitortza pixka bat ofiziala: UNED Bergaran osasunari eta medikuntza integratzaileari buruzko bi urteko ikastaro bat egingo da. Mediku dezentek eman dute dagoeneko izena. Sendagileei askotan gertatzen zaie, ospitale batean ari badira, pentsatzen dutela akupuntura, osteopatia edo fitoterapia egiten dutela esaten badute, azkenean beren balorazioak jaits daitezkeela... Baina gero eta mediku gehiago gara ikuspegia zabaltzen ari garenak.

Sarri askotan entzun behar izaten duzue ebidentzia zientifikoa falta dutela zuek defendatzen dituzuen terapia mota horiek?

Interneten sartzen bazara, pila bat ebidentzia daude...

Baina sarri entzun behar duzue?

Bai. Baina ez da egia. AEB Ameriketako Estatu Batuetan, Alemanian, Ingalaterran, Italian etaFrantzian, esaterako, jende asko dago ospitaleetan lanean, eta bestelako terapiak ere lantzen dituena. Azkenean, ez da medikuntzaren kontra joatea; kolore gehiago gehitzea da. Nire iritziz, osasuna ez da zientzia bakarrik: arte bat da. Eta helburua da arte hori zabaltzea, eta bakoitzak ikustea zer kolore erabili nahi dituen. Nik ezin ditut arlo guztiak menperatu; baina nik klaru daukat nik nire lanean egiten dudanak emaitza onak ematen dituela. Bestela ez nuke jarraituko medikuntza mota honekin. Erakundeetatik babesik ez dugu: emaitzengatik jarraitzen dugu, eta jendea gero eta gehiago dator. Pasibo geratu gabe, bere osasunaren alde zer egin dezakeen jakin nahi du jendeak. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, ospitale pila bat daude medikuntza integratzailea erabiltzen dutenak. Zergatik? Medikuntza pribatua da, eta ospitale bakoitzak ematen du jendeak eskatzen duena. Iaz, Nafarroan bertan ikerketa bat egin zuten; ikusi zen hamar herritarretatik zazpik fitoterapia darabiltela gaixotasunen kontra. Hamarretik zazpi asko dira.

Terapia mota horiek kontsulta pribatuetatik atera, eta osasun zerbitzu publikoetara gerturatzea. Horixe duzue azken xede?

Bai, hori da. Guretzat, esfortzu handia da gure zerbitzuak mantentzea. Kritika aldetik, entzuten dugu denetik... Baina, argi dago: esfortzu handia da, guretzat, osasun sistema publikotik kanpo mantentzea. Horregatik, onena litzateke ikuspegi hori ospitale publikoetara ere zabaltzen joatea.

Medikuntza fakultateetan, ordea, ez dira bestelako ikuskera horiek guztiak jorratzen...

Ez, osasun mailan, ez. Osasuneanez da sakontzen: bakarrik gaixotasunean, gaixotasunaren sintometan, diagnostikoan eta tratamenduan. Baina osasuna, ez.

Noiz jo behar da, zure ustetan, medikuntza konbentzionalera?

Medikuntza konbentzionalaren bideak niretzat egokiak dira larrialdietan, baina gaixotasun kronikoetan guk esperientzia daukagu, eta ekarpenak ditugu egiteko. Jakina, zirujau batek edo traumatologo batek aurrerakuntza pila bat du; hori horrela da, onartzen dugu, eta ez goaz horren kontra. Baina gaixotasun kronikoetan pertsonak parte aktiboa hartu behar du gaixotasun gero eta gutxiago edukitzeko eta osasuna edukitzeko.

Sistemaren iraunkortasunerako lagungarria ere izan daiteke...

Bai, momentu honetan diru pila bat gastatzen da botika gero eta garestiagoetan. Une jakin batean,denei pagatzeko arazoak egon daitezke. Prebentzioa garrantzitsua da. Eta pertsona batek bizimodu bat badauka, eta gaixotzen bada, eta bizimodu horrekin jarraitzen badu, gaixotasunak berdin jarraituko du. Botikekin apaldu ditzake sintomak, baina sendatzea beste gauza bat da.

Egoera horretan dela, intrusismo arriskua bada, ezta?

Bai, bai. ASYMIn argi daukagu, adibidez, hautaketa bat egin behar dugula elkartean nork parte har dezakeen erabakitzeko.

Horretan lagundu nahi duzue?

Bai. Gure artean ezagutzen gara, ez gara hainbeste. Badakigu nork egiten duen lan serioa, nortzuk diren oportunistak. Elkartearekin, hain justu, berme bat eman nahi diogu jendeari: profesionalen zerrenda bat eman nahi dugu esperientziadun jendearena, zeinean ez dagoen oportunistarik. Elkartearen helburuetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.