Jesus Suarez. Bankoako kontseilari ordezkaria

«Zenbait tontakeria ikusten ari naiz berriro; batzuk, kezkagarriak»

Suarezek uste du lehiakide batzuek «arrazionaltasun» handiagoa behar dutela, aurreko krisia gogoan. Bankoak, berriz, garbi dauka ildoa: bezeroekin harreman estua izatea, «gainean» egotea.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
Donostia
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Bankoako gizona da Jesus Suarez (Urretxu, Gipuzkoa, 1967), eta Bankoaren leloa izan daitekeena du behin eta berriro mingainean: «Epe luzera jokatu behar dugu». Donostiako Askatasunaren Hiribideko egoitzan hartu du BERRIA.

Duela urtebete ordezkatu zenuen Kepa Egiguren Bankoaren buruzagitzan. Nolakoa izan da urtea?

Bizi-bizia. Sartu eta berehala negozio plan berria egin genuen, estrategia aldatzeko. 2015-2017 plana bolumenetara bideratuta zegoen, baina ikusi genuen ezin genuela arlo guztietan egon. Banku txikia gara gu: EAEko merkatuaren %2 dugu, hipoteketan %5 eta %6 artean. Ezin dugu auzoekin bolumenetan lehiatu; ez dakigu ongi egiten. Gurea harreman estua da, epe luzekoa, eta horretan ez da gakoa handia izatea. Guk badugu balio diferentzial bat: gure kudeatzaileetako batzuek hamabost edo hogei urte daramatzate bulego berdinean. Bezeroak, arazo bat duenean, deitu egiten du, eta aurpegia jartzen dio erantzuten dionari.

Zer dio negozio plan berriak?

Lau zutabe ditu. Bat, ezagutaraztea enpresei eta enpresaburuei erantzuten dien banku bat garela, eta ondarearen kudeaketan adituak garela. Bi, efizientzian hobetzea, denak izan behar duelako errentagarria. Hirugarrenik, prozesuak eta informatika aldatzea. Laugarrena, aldaketa kultural bat egitea, gure jendeak bat egin behar duelako Bankoaren ideiarekin. Eta Bankoa euskal banku bat da; autonomia du, baina talde handi baten partaide gara. Babesa ematen dizu horrek, potentzia, produktu katalogo handi bat; Hong Kongera irits gaitezke, edo nahi duzun lekura. Baina txarrak ere baditu: Espainiako Bankuan eta EBZn aurkeztu behar ditugu kontuak, Credit Agricole banku sistemikoa delako. Horrek paper asko betetzera behartzen gaitu, eta kostuak ditu. Erraldoiekin ari gara lehiatzen, eta geure lana oso oso ongi egin behar dugu, bezeroa pozik uzteko. Gurea ez da telebistan iragarki bat jarri eta txartelak txurroak bezala saltzea... Bezeroen gainean egon beharra dugu.

Ondare bankua aipatu duzu. Alde batera utzita dago?

50.000 eurotik gorako ondarea dutenei zerbitzua eskaintzen ari gara; beste batzuek gorago jartzen dute maila, baina jendeak aholkularitza behar du finantza produktu gehienetan: pentsio planak, aurrezkiak...

Enpresetara bideratutako bankua izan zarete beti.

Bai, gure DNAn dago hori, banku industrial gisa sortu baikinen. Arriskua erdi bana dugu partikularrekin —hipotekak batez ere— eta enpresekin. Batez ere enpresa erdiak eta handiak dira gure bezero nagusiak, sare handia behar baituzu enpresa txikietara edo komertzioetara iristeko.

Enpresen mailegu eskaera handitzen ari da?

Gu iaz %6,5 hazi ginen arlo horretan, baina enpresei kostatzen ari zaie inbertsio proiektuak egitea. Enpresa asko finantzatu ziren 2015ean eta 2016an tasa txikiak baliatuz, eta orain ez dute maileguen beharrik.

Kostuak aipatu dituzu. Hiru bulego itxi dituzue, eta 32 dituzue orain. Gehiago ixteko asmoz?

Beharrezkoa zen, zerbitzu osoagoa ematen duten bulegoak nahi ditugulako. Orain San Martzial kalekoa itxi dugu, hemendik 450 metrora baitzegoen.

Lehiakideek ere bulego asko itxi dituzte. Zer etorkizun dute ohiko bulegoek?

Bulegoek badute etorkizuna, baina ez dira izango dirua sartzeko edo kobratzeko. Jendeak Interneten egingo ditu operazio errazak, inor molestatu gabe eta ilaran zain egon gabe. Bezeroa aholku bila joango da bulegora, operazio konplikatuak dituenean. Bai, badakit hipotekak online eskura daitezkeela, baina ez dut ikusten nire semea 24 urte egiten dituenean hipoteka Internet bidez egiten. Gauza batzuk zuzenean egin nahi ditugu.

Bankuetan berrikuntza dira Fintech delakoak; Amazon bera sartu da bankan... Zer neurriraino jartzen du horrek arriskuan zuena bezalako banku txiki bat?

Mehatxuak dira, baina haiek hainbesteko bolumena behar dute, oso zaila baitzaie ni interesaturik nagoen atal zehatz horretan sartzea. Niretzat nahikoa da kala honetan arrantzatzea; baina haiei hemengo arrain guztiak harrapatuta ere ez zaie nahikoa. Europan 5.000 banku erregional daude, beren lurrari lotuta; hortaz, etorkizuna badute. Batez ere bezeroak bankuarekin identifikatzen badira. Aurrez aurre gabiltzanok ez dugu beldurrik horretan lehiatzeko. Arazoa da haiek ez badute araudirik bete behar eta nik araudi astuna bete behar badut. Desoreka hori konpondu behar da.

Banku handiak kexu dira araudia gero eta zorrotzagoa dela. Txikiak ere kexu zarete?

Arazo gehiago ditugu, egitura astunagoak ditugulako. Santanderren eta BBVAren erregulazio berdina dut nik. Beharrezkoa da orain erregulazioan atsedenaldi bat egitea, itogarria baita.

Araudi lasaiegiek ekarri zuten Lehman Brothersen erorketa, duela ia hamar urte. Nola dituzu gogoan egun horiek?

Oso gogorrak izan ziren. 2018ko urtarrilean, arriskuez arduratzera igaro nintzen. Aste Santuan hasi ginen gauzak ikusten, eta irailean, oporretatik etortzean, jarduera geldotzeak asko beldurtu gintuen. Baina egia da tresnak bilatu zirela kredituaren fluxua ez geratzeko: Jaurlaritzak, Elkargiren eta Luzaroren laguntzarekin, martxan jarri zituen enpresen zirkulatzailea bermatzeko tresnak: 2009-2010 oso aktiboki parte hartu genuen, geure kuotatik oso gora. Arriskuan hazten jarraitu genuen, tasa apalagoetan, baina beste batzuk desagertu egin ziren. Espedienteak gehiago begiratzen hasi ginen, arriskuak gutxitzeko. Oso gogorra izan zen: enpresak itxi ziren, jendea kalean geratu zen, soldatak txikitu ziren...

Krisiaren arrazoietako bat banku sektorearen gehiegikeriak izan ziren. Ardurarik sentitzen al duzu horregatik?

Ez dut autokonplaziente agertu nahi, baina desjabetzetan ez gara agertu, zoru klausula gutxi genituen, eta ez dugu auzitegietara jo; IRPHn, zero patatero, sei genituela uste dut. Ez dugu ez preferenterik ezta Eroskiren menpeko ekarpenik saldu... Gauza batzuk gaizki egin ditugu, ziur; esaterako, agian zorrotzago izango ginen mailegu hipotekario batzuk emateko orduan. Baina gure berankortasun ratioa %1,7 baizik ez da.

Zuk zer ikasi duzu?

Etika eta balio humanistikoak izan behar direla erakunde guztietan. Dirua irabazi egin behar duzu, ez baituzu iraungo errentagarria ez bazara: baina etikak hor egon behar du.

Sektoreak ikasi al du?

Ez dut sektorearen gurua izan nahi, baina zenbait tontakeria ikusten ari naiz berriro; batzuk, kezkagarriak. Erlaxatzea izan da prezioetan, EBZren likideziak gainezka egin duelako. Gauzak bere onera etortzea espero dut. Diruak ez duenean preziorik... Enpresei oso ongi etorri zaie; iturria itxi zitzaien, eta orain oso prezio onean finantzatzen ari dira, baina uste dut arrazionaltasun pixka bat jarri behar dela, gaur egungo diferentzial batzuei ezin zaielako luzaroan eutsi. Baina jakina, badirenez merkatu kuota irabazi nahi duten batzuk...

Tasa finkoa eskaintzen lehenetarikoak izan zineten. 

Bai, frantziarren eraginagatik edo. Gurean %20-25 dira finkoak, baina batzuk %50 eta 30 urtera. Guk 25 urtera, arrisku jakin batzuekin.

Tasa finkoa gehiago zabalduko da ala goia joko du?

Diru politikaren menpe dago. Badirudi hau amaitzen hasi dela, baina, 2016ko abenduan galdetu izan bazenit, esango nizuke 2017 amaieran bukatuko zela, eta, galdetu izan bazenit 2017ko irailean, esango nizuke 2018ko erdian; orain, egia esateko, ez dakit. Igoko direla badakit, baina ez dakit noiz eta zer erritmoan. Tasa txikiak ez dira onak aurreztaileentzat eta higiezinen merkatura joaten ari da dirua berriro, eta baliteke horrek lehengo jokoa itzultzea. Horrek kezkatu behar gaitu. 

Zuek nola egin diozu aurre interes tasen beherakadari?

Interesen margina hobetu dugu, %11. Kostuei eusten eta inbertsio funtsen komisio handiagoengatik, eta hornidura gutxiago egiten. 

Asko igo dira komisioak Bankoan, %8,7.

Baina hori igo da ondarearen inbertsio funtsen eta halakoen komisioak %9 handitu direlako. Banku zerbitzuen komisioak %2 jaitsi dira. Jendeak ez ditu komisioak ordaindu nahi, baina geure errua ere bada, erakutsi diegulako bezeroei kontu bat izatea doakoa dela. Aizu, honek kostu bat du atzetik, informatika bat du, beste gauza batzuk. Baina, noski, ezer ez pagatzera ohitu duzunari ez diozu esango horrek kostu bat duela.

Ez zaizue erraza izango; bankuek ospe txarra duzue.

Bai. Mingainari kosk egin behar diot askotan. Berdin epaitu dituzte gauzak gaizki egin dituena eta ongi egin dituena. Eskandalu zehatz batzuk egon dira baina fokua ez da horietan jarri, orokorkerian baizik. Gaizki daramat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.