Katalunia. Prozesu subiranista. Josep Costa. Politologoa eta sezesio prozesuetan aditua

«Irtenbide bakarra da sezesioa edo sezesioa. Laburpenik onena da»

Espainiako Gobernua erreferendum baten atarian inoiz ez bezalako erantzuna ematen ari dela dio Costak: «Intrantsigentzia horrek, hain zuzen ere, are legitimoago bilakatzen du alde bakarreko bidea».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko teoria politikoaren irakaslea, abokatua eta sezesio prozesuetan aditua da Josep Costa (Eivissa, Balearrak, 1976). Secessió o secessió (Sezesioa edo sezesioa) liburua argitaratu berri du, autodeterminaziorako eskubidea babesten duen saiakera. Kataluniako independentismoak legitimitatearen borroka irabazita daukala defenditzen du idazleak. Espainiako klase politikoak, ostera, lehen mailako dilema existentzial bat duela. Costak amaitzear dauka estatu nazioaniztunetan nazionalismoa zilegi den aztertzen duen doktore tesia.

Urriaren 1a gerturatu ahala, gero eta beroago dago giro politikoa. Parlamentua gaur da onartzekoa Erreferendum Legea.Espainiako Gobernuak, berriz, etengabe esan du ez diola prozesuari aurrera egiten utziko. Espero zenuen?

Bai, orain arteko gidoitik ez dira atera. Gobernuak ez daki alde batera uzten estatuaren erakunde guztiak blaitzen dituen nazionalismo espainiarra. Euren lehentasuna da estatuaren batasuna bermatzea, eta nazionalismo espainiar intrantsigente horrek boterea duen bitartean, estrategia bera mantenduko dute.

Baina nola jokatuko du Espainiako Gobernuak erreferendumaren aurrean?

Bi aukera daude: bata, Espainiak erreferenduma berme konstituzionalen barruan egitea eragoztea; bestea, jendeari fisikoki bozkatzea eragoztea. Tira, herritarrei jarraitzea, edo botoen zenbaketa homologagarria ez izateko hainbat eskolatan eragitea, hein batean, erraza da. Baina ezinezkoa iruditzen zait Katalunia osoan erreferenduma debekatzea. Ikusiko da. Argi dago, hala ere, erreferenduma ezingo dela egin beharko lukeen berme demokratikoen barruan.

Gai ikusten duzu prozesua gelditzeko?

Ez dakigu Espainiako Gobernua noraino irits daitekeen. Ez dago aurrekaririk Mendebaldean erreferendum deialdi baten aldarrikapenari Espainiak egin duen errepresioarekin erantzun dionik. Beraz, ez dakigu zer gertatuko den. Baina egia da irtenbide demokratiko bat proposatzeko orduan, geroz eta traba gehiago jarri, orduan eta indar eta legitimitate handiago izango duela aldarrikapen independentistak. Hori da Espainiako politikaren paradoxa.

Espainiarekin adostutako erreferenduma egiteko modu bakarra gobernua eraberritzea litzateke.

Zail ikusten dut hori. Jada erreferendumaren atarian gaude. Eta Espainiaren historian ez da egon sekula saiakerarik eraberritzeko. Nazionalismo espainiarra, nazionalismo guztiak bezala, sorkuntza historiko eta soziologiko bat da, baina egon badago, eta irmoa da. Eta Espainia gobernatzen duen bitartean, eraberriketa horrek toki gutxi izango du. Are gehiago, nazionalismo espainiarra eraberritzeko aukera Kataluniako independentzia aukeren proportzionala da. Dilema tragikoa da, eta ziur aski ez dute ez eraberritzea ez independentzia ahalbidetuko.

Sezesio prozesuetan aditua zara. Zein da sezesio eta autodeterminazio eskubidearen arteko desberdintasuna?

Sarri nahasten dira, eta garrantzitsua da bereiztea. Autodeterminazio eskubidea iraunkorra da, herri bakoitzak izan nahi duen hori, estatus politiko, sozial eta kulturala erabakitzea bermatzen duen eskubidea da. Eta sezesio eskubidea aurrekoaz bereizten da, gainontzeko herriekin partekatutako estatu baten barruan bermatu daitekeelako. Alegia, autodeterminazioa bermatzeko formula bat da sezesioa, baina ez bakarra.

Hamaika herrialde eta nazioren sezesio prozesuak aztertu dituzu. Katalunia prest al dago legitimatutako alde bakarreko sezesioa gauzatzeko?

Kataluniak bidezko kausa baliatu dezake independizatzeko, bai. Zalantzarik gabe, erreferenduma aldarrikatzeko eskubide osoa du, are gehiago 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan parlamentuan gehiengo independentista atera ondoren. Beraz, legezkotasun demokratikoa badago, eta erreferenduma egiteko proposamena are legitimoagoa da, independentistak ez diren alderdiek ere aldarrikatzen dutelako. Espainiako Gobernuak kasu egin behar dio Kataluniatik datorkion eskakizun demokratikoari. Eta egiten ez badu, intrantsigentzia horrek are legitimoago bilakatzen du alde bakarreko bidea.

Kataluniakoak, aztertu dituzun sezesio prozesu guztien artean,aurrekaririk ez duela esan duzu.

Oraingoz ezin dugu erabat zehazki esan, ikusteko baitago zein bide hartuko duen Espainiak. Onarpenaren bidea aukeratuko balu, aurrekaririk egon daiteke. Adibidez, Kanadan hori gertatu zen, erreferenduma egitea onartu zutelako, nahiz eta adierazpen judizialak egon. Hori bai, errepresioaren eta pertsekuzio judizialaren bidea hautatzen badute, aztertu ditudan Mendebaldeko demokrazietan ez da antzekorik egon.

Azken hilabeteetan politika judizializatzeko estrategiarekin jokatu du Espainiak. Noraino irits daiteke?

Orain arte errepresioa neurtzen joan dira prozesuak aurrera egin ez zezan. Baina errepresioaz haratago independentismoak aurrera egin du, geroz eta gehiago indartuz.

Espainiako Gobernua egin beharko lukeen kontrako guztia egiten ari dela diozu liburuan. Zein iritzi duzu Kataluniako Gobernuaren estrategiaz?

Ez nuke sinplista izan nahi, baina, nire ustez, espero zitekeen bidetik doa. Etapak erretzen ditu, egin du hitz egiteko saioa, eta orain azken txanpan da. Arrazoiz betetzen ari da, eta bide zuzena da, sezesio prozesu orori dagokiona. Espainia, berriz, prozesu hori trabatzen ari da etengabe.

Azken txanpan gaudela diozu. Nola aurreikusten duzu prozesuaren amaiera? E eguna? Urriaren 1a?

Bada, ez dakit. Espainiako Gobernuak armada kalera ateratzen badu, argi dago Katalunian ez duela maila bereko erantzunik aurkituko, hemen armarik ez dagoelako gehienbat. Baina bide hori aukeratzen badu, demokraziaren amaiera izango da. Nire tesia hau da: Kataluniaren eta Espainiarenarteko gatazkaren irtenbidea da sezesioa edo sezesioa. Hori da laburpenik hoberena. Edo estatua eraberrituko da Kataluniaren erreferendum eskakizuna babesteko. Edo, zuzenean, independentziak arrakasta izango du. Ez dago ez arrazoi politiko ezta juridikorik ere Kataluniak Espainiaren barruan jarraitzeko, eta, beraz, ezinezkoa izango da aurrerantzean botere egitura estatala mantentzea Kataluniako herritarren gehiengoaren borondatearen kontra.

Apirilean argitaratu zenuen tesi hori defendatzen duen liburua. Hilabete bakarrean lehen edizioko ale guztiak saldu zenituen. Aurreikusi baino arrakasta handiagoa izan duen seinale?

Tira, behintzat uste genuen baino gehiago saldu dugu, eta bigarren edizioa egin behar izan dugu. Kontua da, aspaldiko ikerketa akademikoetatik edaten duen liburua den arren, gaia pil-pilean dagoenean argitaratu dugula…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.