Erçan Ayboga. Ekintzaile eta idazle kurdua

«Ez dut uste orain gerra handi bat etorriko denik Sirian»

Kurduen miliziek eta Siriako armadak Estatu Islamikoari lurraldeak kendu ahala, bien arteko tentsioa handitu da azkenaldian. «SDFren rola handitzen ari da, eta Siriako Gobernuak hori eragotzi nahi zuen».

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel rodriguez
Donostia
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Mesopotamiako Batzar Ekologistako kidea da Erçan Ayboga (Dersim, Kurdistan, 1976). Bilbon, Gasteizen eta Donostian izan da Revolution in Rojava (Iraultza Rojavan) liburuaren gaztelaniazko edizioa aurkezten, AGIR Herri Kurduaren Aldeko Ekimenak,Herri Kurduarekin Elkartasun Ekimenak, Kurdistanen aldeko Koordinakunde Libertarioak, Ekologistak Martxanek, Mugarik Gabeko Ingeniaritzak, Komite Internazionalistek eta Askapenak gonbidatuta. Aybogak Michael Knappekin eta Anja Flachekin batera idatzi du liburua, eta Siriaren barneko Kurdistanen eratutako sistema autonomoa aztertu dute. Kurduek Rojava (mendebaldea) erraten diote eremu horri.

Zein egoeratan dago Rojavako prozesu politikoa?

Siria Iparraldeko Konfederazio Demokratikoa zehaztapenak egiteko unean dago. Iaz sortu zen, eta urte honen hasieran Hitzarmen Soziala onartu zuen. Administrazio egitura gisako zerbait garatzen hasi da —erakunde legegile bat eta exekutibo bat—. Orain ari dira zehatzago eztabaidatzen nola funtzionatu beharko lukeen, ez baitzegoen lehenagotik definituta, erakunde eta jende anitz ari baita eztabaidetan parte hartzen. Rojavako hiru barrutiak hartzen ditu kontuan, eta berriki askatutako eremuak, bereziki Minbic erraten zaiona [Manbij, arabieraz], Aleporen eta Kobaneren artean. Raqqako eskualdea ere sartuko dute, eta nagusiki arabiarrak diren bertze eremu batzuk ere. Siria Iparraldea izena paratu diote, Rojava baino eremu zabalagoa hartzen duelako.

Abdullah Ocalanen konfederalismo demokratikoaren ideietan oinarritzen da proiektu autonomoa, eta Ocalanen ideiek Murray Bookchin pentsalari estatubatuar anarkistaren eragin handia izan zuten.

Ocalanen konfederalismo demokratikoaren kontzeptua oinarri gisa hartzen da. Bookchinen ekologia sozialetik ideia anitz hartzen ditu, baina puntu batzuetan urrutiago doa. Errate baterako, emakumeen askapena gehiago nabarmentzen du, eta saiatzen da deskribatzen gizartea nola antolatu daitekeen maila handiagoan eta lurralde zabalagoan. Bookchinek ez zuen anitz idatzi horri buruz, munizipalismoan zentratu zen. Horregatik, kurduen proposamena bideragarriagoa da.

AEBek eta SDF Siriako Indar Demokratikoek —kurduen miliziak eta aliatuak biltzen dituen koalizioak— duten elkarlan militarrak eragiten al dio Rojavako sistema politikoari?

Ez dio eragiten, eta hori da punturik inportanteena. Rojavako iraultzaileek jarraitu dute eredua garatzen, eta AEBak ez dira eztabaidaren parte. Lankidetza eta babesa ez dira gauza bera. AEBek interes bat dute, eta Kurdistanek interes bat du. Kontua ez da herri kurduak erran zuela «mesedez, babes gaitzazue». Inportantea da. Bi aldeek zerbait nahi dute bertze aldearengandik, ez dago alde bakarraren hegemoniarik. Ez da dependentziarik garatzen ari. Noski, AEBen babesa inportantea da lurralde gehiago askatzeko, baina SDF gai da defendatzeko AEBen babesik gabe.

Raqqan daude kurduen miliziak. Rojavatik gero eta urrutiago borrokan ibili dira aspaldian. Gerra gero eta gehiago luzatzen bada, arriskuan jar al lezake Rojavaren egonkortasuna?

Bai, noski, arriskua badago. Kurduak ez dira bakarrik ari borrokan Rojavatik kanpo. Gehienak arabiarrak dira, edo «bertakoak», haiek erraten dieten bezala. YPGk [kurduen miliziek] du esperientzia handiena, eta, horregatik, hobekien borrokatzen da. Gero eta lurralde gehiago askatu, gero eta gehiago arduratu behar duzu kudeaketaz, administrazioaz, beharrak handiagoak dira, lurralde gehiago defendatu behar duzu, eta erronkak handiagoak dira. Irtenbideak bilatu behar dira, eta horretan saiatzen ari dira, tokian tokiko herritarrak integratuta. SDFk lurralde bat askatzen badu, herritar gehienek hala nahi dutelako da. Hori da kasua Raqqan, hori izan zen kasua Minbicen, baina ez da hori kasua Idliben [Siriako ipar-mendebaldean]. Han ez dute SDF eskatu,beraz, ez da joan. Bertzela, okupatzaileak lirateke.

Azkenaldian Siriako Gobernuko indarren artean eta SDFren artean tentsioa handitu dela dirudi.Ba al dago gerra handi baten arriskurik?

Ez dut uste orain gerra handi bat etorriko denik, Estatu Islamikoak oraindik lurralde handiak baitauzka kontrolpean. SDFren rola anitz ari da handitzen, eta Siriako Gobernuak hori eragotzi nahi zuen. Une jakinetan saiatzen da egiaztatzen noraino joan daitekeen —hemen eraso bat egin, hemen aitzinera jo...—, baina ez dut uste gatazka handi bat hasiko dutenik. Siriako Estatuaren gibelean Irango Estatua dago. Iran eta Estatu Batuak gogor ari dira elkarren aurka, eta horrek Siriari eragiten dio gehien. Errusiak eragin handia du, baina ez du nahi gatazka handi bat Estatu Batuekin.

Nazioartearen eta Damaskoren onarpenik gabe iraun al dezake Siria Iparraldeko sistemak?

Siria Iparraldeko Federazio Demokratikoaren asmoa da Siriako Gobernua behartzea hori onartzera. Azken hilabeteotan, negoziazioak egin dira, baina Siriako Gobernuak ez du onartu. Uste du lehengo sistema berrezarri dezakeela. Inportanteena da eredu hori indartsuago eta hobeago bilakatzen bada Siria Iparraldetik kanpo babesa handitu daitekeela. Damaskon, Swaidan [hego-mendebaldean, druzoak gehiengoa diren probintzian], Haman... jendeak eta erakundeek presio egin diezaiokete gobernuari akordio bat bilatzeko. Inportantea da babes hori bilatzea, epe luzerako.

Eta Turkia?

Erregimen hori ez da bada aldatzen, ez da inoiz geldituko.

Irakeko Kurdistango independentzia erreferendumak nola eragin diezaioke Rojavari?

Barzanik erreferenduma egin nahi du krisi politiko eta ekonomikoari irtenbide bat bilatzeko. Inguruko inork ez du babestu erreferenduma: ez Turkiak, ez Iranek, ez Bagdadek, noski. Gatazka sortuko du, baina,agian, ondoriotzat utz lezake Barzani saiatzea harremanak hobetzen Ipar Kurdistanekin [Turkiako zatiarekin] eta Rojavarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.